Auzolanean osatu dituzte Errigoraren 'Euskarari puzka' kanpainako saskiak, Ablitasen

Barren 2025ko urr. 27a, 16:42

Nafarroako Ager bailarako eta Euskal Herri osotik joandako dozenaka lagun elkartu ziren zapatuan, urriaren 25ean, Ablitasen (Nafarroa), Errigoraren Euskarari puzka kanpainako otarrak osatzeko.

Joan zen eguenean hasi zuen Euskarari puzka kanpaina Errigorak, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarrak, eta azaroaren 13a arteko epea dago Errigora.eus webgunean sartu eta eskaerak egiteko. Nafarroa erdi eta hegoaldean lanean ari diren euskalgintzako eragileei (AEK, Sortzen, Ikastolak eta Agerraldia) arnasa ematea eta Nafarroa hegoaldeko ekoizleei laguntzea ditu helburu Errigorak, eta hala, herritarrek eskatzen duten saski bakoitzaren balioaren %25 Ager zonaldeko euskalgintzara bideratzen dute. 

Hiru saski daude aukeran, 60, 65 eta 75 eurokoak, eta nahi dituenak Errigora.eus webgunean sartuta eska ditzake. Saski horiek beren herrian jasoko dituzte gero eskatzaileek, azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran. Herri batzordeek eurek jakinaraziko dute Elgoibarren eta Mendaron noiz izango den saskiak jasotzeko eguna.