Israelen jokaera zuritzeari lagatzeko eskatu eta Palestinari elkartasuna agertu diote herritarrek

Barren 2025ko urr. 16a, 10:00

Elgoibarren eta Mendaron ere nabaritu zen atzokoan sindikatuek deitutako lanuztearen eragina, hezkuntzan bereziki. Iluntzean mobilizazioak egin zituzten Gernika Palestina herri ekimenak deituta.

Palestinari elkartasuna adierazteko eta Patronalari Israelen jarrera zuritu ez dezan eskatzeko, hiru orduko lanuzteetara deitu zituzten langileak eguaztenerako Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk: LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiruk  —ELAk bere aldetik egin zuen deialdia—. Hezkuntzarako, berriz, publikorako zein pribaturako eta haur eskoletatik unibertsitateraino, egun osoko greba egiteko deia egin zuten LABek eta Steilasek, eta jarraipen handia izan zuen deialdiak, ikasle sindikatuek ere bat egin zutelako. Hezkuntza Sailak ohiko zerbitzu minimoak izendatu zituen, eta zentro guztiak irekita egon ziren gurean ere, baina mugimendua, bistan da, ez zen beste egunetakoa izan. 

Mobilizaziorako deialdiak eragina izan zuen osasun zentroetan eta garraio publikoan ere. Osakidetzan, gutxienez jai egunetako zerbitzua ematea zegokien, larrialdietan, dialisietan eta tratamendu onkologikoetan izan ezik. Garraio publikoan, berriz, Euskotrenek eta Lurraldebusek, gutxieneko zerbitzuak (%30) bermatu zituzten. Elgoibarren, Udalean eta Herritarren Arreta Zerbitzuan normaltasuna ia erabatekoa izan zen goizean, baina 19:00etan udal ludotekan eta gaztelekuan, adibidez, eten egin egin zuten beren jarduna. Mendaroko udaletxean, aldiz, goizeko lanuztera batu ziren langileak, eta iluntzerako antolatuta zuten Hezkuntza Foroaren bilera ere egunez aldatu zuten. Ameikutz musika eskolan ere, hezkuntzarako deitutako egun osoko grebarekin bat egin zuten Mendaron. 

Industrialdeetan igarri zen nolabaiteko mugimendua lanuzte-denboran, deialdiarekin bat egin zuten langileek elkarretaratzeak egin zituztelako enpresa atarietan, eta Mendaroko kasuan, herrira sartzeko zubi muturrean ere bai, eguerdian. 

Kalean, berriz, apenas izan zuen eraginik goizeko lanuzterako deiak, beharbada Elgoibarren eta Mendaron arratsalderako deituta zeudelako mobilizazioak. Gernika-Palestina herri-ekimenak bat egin zuen sindikatuen deialdiarekin eta protesta ekitaldiak antolatu zituen iluntzerako herrietan, tartean Elgoibarren eta Mendaron ere bai. 19:30ean egin zituzten elkarretaratzeak gurean, eta jendetsuak izan ziren oso. Zenbait dendari eta tabernarik ere itxi egin zituzten beren negozioak, elkarretaratzera batzeko. Gernika-Palestinako ordezkariek jakinarazi dutenez, 160 herritan egin zituzten mobilizazioak eta guztira 45.000 lagun batu zirela kalkulatu dute.

Eguerdian, berriz, aspaldiko mobilizazio jendetsuenak egin zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan.