Elgoibar-Mendaro-Deba bidegorria bultzatzeko talde eragilea sortzeko bilera antolatu dute Mendaron urriaren 23rako

Barren 2025eko urriaren 13a

Txirrindulariak Mendaro eta Altzola artean.

Elgoibar-Mendaro-Deba arteko bidegorria sortu nahi duen talde batek bilera antolatu du Mendaron urriaren 23rako. Bidegorria bultzatzeko talde eragilea osatu nahi dute.

Udaletxean egingo dute bilera, 19:00etan hasita, eta gaian interesa duten herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.

Asteburuan jarri zituzten kartelak Mendaron eta bideo bat ere zabaldu dute sare sozialen bidez, bilerara deitzeko. Mugikortasun jasangarriaren alde egiteko ordua dela adierazi dute eta azpimarratu bidegorriarena ezin dela izan lau urtean behingo hauteskunde-kanpainetara mugatzen den gaia.

Adimen artifizialarekin sortu duten bideoan adierazi dute  egunero ehunka pertsona mugitzen direla Elgoibar eta Deba artean, baina bizikletan mugitu nahi dutenek errepide estu eta arriskutsura irten beharra izaten dutela egunero. Horregatik uste dute, besteak beste, bidegorria eraikitzeko proiektua ezin dela denboran gehiago luzatu. 

Altzola eta Mendaro lotuko lituzkeen bidegorria eraikitzeko proposamena aurkeztu zuten Elgoibarko eta Mendaroko Udalek 2023ko martxoan.