Lehenengo jardunaldia Itziarren egin zuten, bigarrena Mallabian, eta gaur egin dute hirugarren saioa, Elgoibarren. Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea, Gotzon Bernaola Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusia, Cristina Zumeta Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresako Sailaren arduraduna, Andoni García-Abad, Basque Precision Technology District-BPTD Enpresa Elkarteko kidea eta eskualdeko hainbat enpresatako ordezkariek hartu dute parte.
Ekitaldiaren helburua izan da berrikuntzaren garrantziaz hausnartzea eta enprsa txiki eta ertainei helaraztea haien eskura dituzten zerbitzu, programa eta laguntza guztiak, bai Innobasqueren aldetik, bai Debegesa eta BPTDren eskutik. Hainbat enprese alor horretako beraien esperientziak partekatu dituzte, besteak beste, Smartpm, Bronymec eta Kalman enpresetako ordezkariek hartu dute hitza.
Parte-hartzaileek aukera izan dute eskualdeko berrikuntza ekosistema gertutik ezagutzeko eta erakundeen arteko elkarlanerako aukerak identifikatzeko. Jardunaldiak networking tartea ere eskaini du, harremanak sortzeko eta sinergiak sendotzeko. Amaieran, Makina Erreminta Museoa bisitatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek.
Arduradunen esanetan ekimen hau "funtsezkoa" izan da Debabarreneko enpresa txiki eta ertainen artean berrikuntzaren kultura sustatzeko eta tokiko ekosistema horren sendotasuna erakusteko, eta gaineratu dute, Mallabian eta Itziarren egin diren aurreko jardunaldien ildotik, Elgoibarren egindako topaketak berriro ere agerian utzi duela berrikuntza dela gaur egungo enpresen garapen eta lehiakortasunaren giltzarrietako bat.