Euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela adierazi eta urtebete geroago, Euskalgintzaren Kontseiluak bere diagnostikoa berretsi eta, eskuhartze sendorik egin ezean, euskararen etorkizuna jokoan dagoela adierazi du. Joan den mendeko 60ko hamarkadan hasitako susperraldia agortzen ari delako zantzuak agerikoak direla zabaldu dute. Hala ere, eta larritzeko osagai guztiak izan arren, itxaropen mezu bat zabaltzeko prentsaurrekoa egin du gaur goizean Kontseiluak Bilbon, eta euskaltzaleei indarrak batzera deitu die. Euskararen etorkizunari norabide berria emateko garaia dela azpimarratu dute.
Irailaren 26an, Hizkuntzen Europako Egunean, euskararen biziberritzean jauzi bat emateko gakoak batzen dituen ituna aurkeztu zuten ‘Batuz Aldatu' prozesuaren baitan, eta gaur, abenduaren 27an Bilbon egingo duten "kultur kutsuko" ekitaldiaren berri eman du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak Bilboko Kafe Antzokian, euskalgintzako dozenaka ordezkari eta norbanako ondoan zituela. Eskisabelek esan du atzeraldian sartzeko arriskua handia dela eta hainbat datu eman ditu hori erakusteko. Besteak beste esan du Euskal Herri osoan gero eta gutxiago direla euskaraz erdaretan baino errazago egiten duten hiztunak (%17,5) eta 2036an ez dela arnasgunerik geldituko. Hau da, ez dela euskararen erabilera %80tik gorakoa den herririk geldituko. Nolanahi ere nabarmendu du euskarak eta euskal hiztun komunitateak lehenago ere izan dituela larrialdi uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku uneak, baina euskaltzaleen eskutik etorri dela beti pizkundea. Hain justu, euskaltzaletasuna indartzea izango du helburu abendurako antolatu duten ekitaldiak. Ekitaldiaz gauza gutxi aurreratu ditu Eskisabelek, baina nabarmendu du musikak presentzia nabarmena izango duela.
Sarrerak, urriaren 16tik aurrera eskuragai
Abenduaren 27rako sarrerak urriaren 16an jarriko dituzte eskuragarri Pizkundea.eus webgunean. Bilbao Arenara joan nahi dutenek hamar euroko ekarpena egin beharko dute. Diru hori artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bati aurre egiteko baliatuko dute.