'BARREN' eskualdetzeko oinarrizko proiektuari argi berdea eman dio Elgoibarko Izarraren batzar nagusiak

Barren 2025ko urr. 3a, 10:12

2024ko errepasoa egin eta aurtengo egitasmoen berri eman zien martitzenean Elgoibarko Izarrako zuzendaritzak bazkideei. Berrikuntzen artean, BARREN herri aldizkaria bailaratzea dator. 

Duela lau urte Euskaltzaindiaren babespean martxan jarri zuten Euskararen Gogoetaguneak hedabideen arlorako proposatu eta erakunde publikoek babestutako EHM Eskualdeetako Hedabide Multimedien estrategian du abiapuntua bailarara salto egiteak. Orain arte egindakoaren berdina egiten jarraituz gero, tokiko komunikabideok ez dugula aurrera egingo ohartarazi zuten EHM estrategiaren sustatzaileek eta babestu zuten erakunde publikoek, eta ez tokikook orain arte egindakoa gaizki egin dugulako, baizik eta desafio berri handiak ditugulako etengabe aldatzen ari den komunikazioaren merkatuan. Marko horren barruan dator Barrena (izen hori hartuko du proiektu berriak).

Eskualdekoa egiteko arrazoiak

Ikusten dutena da eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera daukala komunikazioaren merkatuan. Eta bazkideen onespenarekin, horixe helburu duela egingo du Barrenek salto eskualdera, Barrena komunikazio taldera, propio Ermua-Mallabia, Deba-Itziar eta Soraluze herrietarako sortzen duten Drogetenitturri, Berriketan eta Pil-Pilean hedabideekin batera. Helburua, beraz, horixe da: Debabarreneko tokiko prentsaren esparruan liderrak izatea. Hau da, erreferentzia nagusia izatea euskaldunentzat nahiz euskaldun ez direnentzat. Hori lortzeko, elkarrekin jardungo gara, komunikazioaren merkatuan dagoen lehia bizi horrek etengabeko berritzea eskatzen duelako eta elkartzea delako garatzeko eta berritzeko dugun aukera bat, gure lau proiektu komunikatiboak ekonomikoki defizitarioak direlako gaur eta, gure txikian, eguneroko lanak harrapatuta gaituelako langileak, kudeaketa hobetzeari eta berrikuntzei arreta jartzeko denborarik gabe.

Ez da itsumustuan emango dugun saltoa. Denbora da bailarako hedabideotakook jauzia nola eman aztertzen ari garela. Orain arte egindakoak pisua du, asko da ondo egindakoa eta zaindu beharrekoa, eta ez da erabaki erraza izan. Horregatik, aurrera egiteko erabakia hartzeko orduan berebiziko garrantzia izan dute interes kolektiboa lehenesteak eta gizartearekiko eta euskararekiko dugun konpromisoari leialak izateak, erakunde publikoetatik markatutako estrategiara egokitzeko beharraz gain. Elgoibarko Izarrak uztailean aurkeztu zien proiektuaren zirriborroa bazkideei, martitzeneko batzarrean jaso zuen oinarrizko proiektuak haien oniritzia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lau urterako dirulaguntza deialdira elkarrekin aurkeztuko gara orain eskualdeko lau hedabide, Barrena izenarekin.

Lau urtetarako dirulaguntza deialdira batera aurkeztu ahal izateko, Elgoibarko Izarrak kooperatiba sortu du Barrena proiektuan batuko diren beste hedabideak kudeatzen dituzten elkarteekin batera (elkarteek izango dute jabegoaren gehiengoa eta irabazi asmorik gabekoa izango da). Administrazio publikotik, berriz, agindu dute lau milioi euroan handituko dutela diru-zakua (%30 gehiago).

Gaur BARREN den moduan, Barrena ere bi hankako proiektua izango da: ostiralero, egunkari formatoko aldizkaria argitaratuko dugu, Elgoibar eta Mendaroko informazioaz gain, bailarako informazioa ere jasoko duena, eta webgune bat ere izango du, orainkaria izaten jarraitzeko, baina eskualdekoa.