EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian elkartu dira alderdi eta sentsibilitate askotako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alkate eta udal hautetsiak, eta euskalgintzako ordezkari ugari. Horien artean izan dira Enetz Ezenarro eta Maialen Gurrutxaga, Mendaro eta Elgoibarko alkateak.
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta elkartu dira, euskararen aurkako azken epaiari erantzun bateratua emateko; izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak Voxen helegite bat berretsi eta Udal Legea hizkuntza arloan arautzen duen dekretuko hainbat artikulu baliogabetu zituen lehengo astean. Zehazki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu zituen, euskararen normalizazioa helburu duten beste neurri batzuekin batera, Vox alderdi ultraeskuindarraren argudioak bere eginez.
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Idurre Eskisabelek, hartu du hitza agerraldian, eta hark salatu du epaiak erabat hausten duela azken hamarkadetako kontsentsua eta nabarmen kaltetzen duela autogobernua. "Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena da", haren berbetan. Eskisabelek ohartarazi duenez, epaiaren ondorioz, udaletan ezingo da euskara lehenetsi, "ezta gaztelerarekin batera erabiltzen den uneetan ere: finean, administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada neurri zehatzak hartu behar dira euskara gazteleraren parera iritsi dadin, hori du asmo indarrean dugun araudiak".
Euskara hizkuntza gutxitua izanik, egoera "oso larria" dela ere esan duKontseiluko idazkari nagusiak, eta gogora ekarri du, Udal Legeaz gain, euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatu dutela beste 30 sententziak. Horri guztiari "batasunetik" erantzun behar zaiola uste du Eskisabelek, eta adierazi du "aurrera egiteko garaia" dela. "Horretarako segurtasun juridikoa indartu behar da eta beharrezko legeak aldatu", gaineratu du.
Erantzuna, "batasunetik"
Bilbon elkartutako askotariko ordezkarien ustez, "batasunetik" erantzun behar zaio egoerari, eta nabarmendu dute neurririk hartu ezean oztopoak ugaritu egingo direla euskaraz bizi nahi duten herritarrentzat. "Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direlako egiazko eskubide, ezin gara erasoei aurre egitera mugatu: aurrera egiteko garaia da. Indartu egin behar dugu segurtasun juridikoa, eta beharrezko lege aldaketarekin batera, euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu ahalik eta adostasun handiena eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko".
Erakundeek ez ezik, herriak ere tira egin behar duela diote: "Euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu, ahalik eta adostasun handienaz eta zabalenaz herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko". Izan ere: "Euskara behar dugu, eta euskarak behar gaitu. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena". Horregatik, euskalgintzak eta udal ordezkariok bat eginda, euskararen erabilerak "dagokion lekua" behar duela berretsi dute, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa hartu dute: "Bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko. Beste pizkunde aro bati bide emateko".
Irakurri hemen Kontseiluaren adierazpena