Baserri-bideetan egitekoak dituzten belar-mozketen inguruko abisua zabaldu dute Debemenetik

Barren 2025ko uzt. 15a, 14:38

Ohar bi zabaldu ditu Debemenek, datozen egunetan  baserri-bideetan egin asmo dituzten belar-mozketen harira

Sasi-garbitzeko makinak eragin ditzaketen kalteen harira, bi ohar zabaldu ditu Debemenek, gomazko ur-hodien ingurukoa bata, eta arantzadun alanbrezko hesien ingurukoa bestea. Lehenengoaren harira eskatu dute bide-bazterretan dauden gomazko ur-hodiak modu argian eta ikusgarrian seinaleztatzeko. Behar bezala, seinaleztatuta egon ezean eta belarra mozten ari direla kaltetuko balira, ur-hodi horiek konpontzeko ardura jabearena izango dela ohartarazi dute. Horregatik, ur-hodiak non dauden markatzeko zintak, makilak edo bestelako baliabide ikusgarriak erabiltzeko gomendioa egin dute.

Bestetik, jakinarazi dute baserri bideetan oso hegaletan jarrita dauden arantzadun alanbrezko itxiturak dauden tokietan ez dutela sasi-garbitzeko makinarik sartuko, segurtasun arrazoiengatik eta makinaria bera babesteko. Alanbre-hesiak errepidetik distantzia batera jartzea gomendatu dute. 

Eta zalantzarik izanez gero edo ur-hodi eta kableen kokalekuaren berri eman nahi izanez gero, debemen@debemen.eus helbidera idazteko edota 943 744 067 telefonora deitzeko eskatu dute.