Aitortu du izugarri pozik dagoela lortutakorekin. Guztira, hamar lagun lehiatu dira bere proba berean, tartean hiru emakume. Otsailean, astebeterako joango da Madrilera, Euskadiko selekzioarekin lehiatzera.
Zorionak. Urrezko domina eskuratu berri duzu EuskoSkills lehiaketan ZKK Fresatzeko proban. Zer izan da zuretzat?
Oso esperientzia polita. Oso-oso pozik nago egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin. Mekanizazio txapelketa batera joateko aukera ematen zidatela esan zidatenean, ez nuen zalantzarik egin, eta gutxienez saiatu behar nintzela pentsatu nuen. Fresatzeko proban hamar lagun lehiatu ginen guztira. Plano bat eman ziguten eta plano hartatik pieza bat sortu behar genuen ordenagailuan. Ondoren, beste plano bat eman ziguten, eta ordenagailuko aplikazio batekin programatu egin behar genuen eta ondoren pieza bera sortu, fresatzeko makinan. Eta hori dena denbora baten barruan egin behar zen. Zailena hori egin zitzaidan, erlojuaren kontra ibili beharra eta diseinatzea, ni mekanizazioko ikaslea naizelako eta ez dudalako askorik eman hori.
Nola prestatu zara?
Aurten borondatez eta eskola orduz kanpo aritu naiz prestatzen, eta oso interesgarria iruditu zait, baina aldi berean, nekagarria ere bai. Egun batzuetan lanetik nekatuta irteten nintzen, eta 3-4 ordu gehiago egiten nituen gero IMHn, praktikatzeko. Irakasle izan ditudan Oinatz Gurtubayk eta Imanol Iturriak gauza asko irakatsi dizkidate, eta ikusten zutenez ahalegina egiteko prest nengoela, ondoan izan ditut behar izan ditudan guztian. EuskoSkillsen urrezko domina eskuratuta, orain, SpainSkillsen saiatuko naiz ahal dudan ondoen egiten. Badakit proba zaila dela. Ia 0-tik hasi beharra daukat programa berri bat ikasten, baina gogotsu nago, ilusio handiarekin. EuskoSkillsen lagun onak egin ditut eta Madrilen beste horrenbesterako aukera izango dudan ustea daukat. Lehiaketarako prestatzeko egindako ahaleginarekin eta horrekin geldituko naiz, emaitza edozein dela ere.
Zergatik erabaki zenuen PFM Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa ikastea eta zergatik IMHn? Zer esango zenuke egin dituzun ikasketez?
Erdi mailako Mekanizazio Teknikaria ikasteari utzi, eta goi mailako Fabrikazio Mekanikoko Ekoizpenaren Programazioa ikasten hasi nintzen, ume-umetatik tailerreko mundua eta lan praktikoak gustatu izan zaizkidalako, nahiz eta inoiz ez dudan arazorik izan ikasketetan eta gauza teorikoetan. Lehenengo, baina, Batxilergoa egiten hasi nintzen Elgoibarren bertan, hori zelako nire lagun eta senide guztiek egin zutena, baina laster konturatu nintzen nik beste zerbait nahi nuela eta joan nintzen IMHk antolatzen dituen ateak irekitzeko egun horietako batera, aitarekin.
IMHn ikastea erabaki nuen, batetik Mendarokoa naizelako eta gertu dudalako, eta bestetik, eskola erakusteko IMHk antolatzen dituen ateak irekitzeko egun horietako batzuetara joan nintzelako eta gustatu zitzaidalako nola ematen zituzten eskolak, erronkaka. Gustatzen zaizkit proposatzen dituzten erronkak. Gaur egun, oso pozik nago egindako hautuarekin eta oso eskertuta nago irakasleei lau urte hauetan eman didaten laguntza guztiagatik.
Gaur egun lortzen ari naizen guztia lortzeko gakoa gauzak ikasteko daukadan grina dela uste dut. Asko gustatzen zait gauza berriak ikastea. Eta zorionez, bai IMHn eta baita duala egiten ari naizen enpresan ere (FOCS) ikaragarri ari naiz ikasten.
FOCSen egin duzu duala. Nolako esperientzia izan da? Zer egin asmo duzu datorren ikasturtean?
Hasieran pixka bat beldurtzen ninduen ikasten eta aldi berean lan egiten hasteak, horretan ari ziren lagun batzuek esan zidatelako gogorra zela eskolako eginkizunak betetzea egun batzutan eskolan falta izanda. Baina iruditzen zait IMHk oso kontuan hartzen gaituela Dual ikasketetako ikasleak, eta irakasleek ere ez dutela laguntzeko zalantzarik egiten, baldin eta ikusten badute ikaslea ahalegintzen dela. Eta niri bereziki oso ondo etorri zait aldi berean lan egiteko eta ikasteko esperientzia hau. Gaur egun FOCS enpresan ari naiz lanean eta ikasten, eta esan beharra daukat lankideek lehen egunetik bertatik lagundu didatela tailerreko giroan integratzen eta taldeko sentitzen. Datorren urtean enpresa berean egingo dut espezializazioa. Astelehenetan eskolara joango naiz eta gainerako egunetan lanera.