Euskal pentsalari emankorrena izan denari, gorazarre

Barren 2025ko uzt. 3a, 13:48

Joxe Azurmendi  azken hamarkadetako euskal pentsalari emankorrena izan dena hil zen atzo, 84 urterekin. Pentsalari handia izan da Azurmendi (Zegama, 1941-2025), bizitza eman duena euskalduntasunari buruz pentsatzen eta horren gainean ekiten.

Belaunaldi bateko kide izan zen, euskaldunak ordura arte zuen irudiari buelta eman zion belaunaldiko kide. 60-70eko hamarkadan euskalduna jaio barik egin egiten zela defendatu zuen, eta euskarak, gainerako hizkuntzek bezala, balio zuela edozertarako. "Azurmendik eta bere belaunaldikoek 20 bat urterekin ikusi zutena zen euskara ez zela esistitzen, ez behintzat kultur mailan; ikusi zuten euskara zela bazterrekoen, pobreen eta ezjakinen hizkuntza. Herentzian jaso zuten ideologia espainiar inperial hori sinistera ere iritsi zen Joxe bera, bai eta gero eskema horiek deseraikitzera ere. Eta horren kontrako erreakzioa da munduko gauza guztiak euskaraz eman nahi hori, eta ez kapritxoa zuelako, baizik eta injustua ikusten zuelako komunitate bat zapaldua, ezjakindua eta baztertua izatea", azaldu zion BARRENi Haritz Azurmendi Arruek (Albiztur, Gipuzkoa, 1991) 2022an Hasier Etxeberriaren omenez Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak antolatu zuten Biba Hasier! jardunaldian, eta egokia ikusi dugu orduan Haritz Azurmendik eta Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak esan zutena gaur hona ekartzea, gure kulturak izan duen pentsalari handiena oroitzeko.

Pentsalari, saiakeragilea, eta Jakin aldizkariko kide izan da Joxe Azurmendi, eta besteak beste, Udako Euskal Unibertsitateko sortzaileetako bat ere bai. 40 liburutik gorako obra laga du, eta digitalizatua du haren lana Jakin-ek.