Hamar webgune garatu dituzte herriko ikasleek 'Elgoibartik mundura' ekimenaren barruan

Barren 2025ko eka. 11a, 11:55

Elgoibartik mundura egitasmoaren bigarren edizioko amaiera ekitaldia egin berri dute Aita Agirre kulturgunean

Elgoibarko ikastetxeetako ikasleek elkarteei haien webguneak sortzen laguntzeko ekimena da Elgoibartik mundura, Elgoibarko Udalak, PuntuEUS fundazioak, Elgoibarko Izarrak eta herriko ikastetxeek sustatutakoa, eta joan zen ikasturtean hasitako bideari jarraituz, aurten herriko elkarteei ez ezik ostalari eta merkatariei ere eskaini diete Elgoibartik mundura proiektuan parte hartzeko aukera. Izan ere, 2023an Dendartea elkarteak egindako azterketak erakutsi zuen Elgoibarko establezimenduen digitalizazio maila txikia zela eta euskararen erabilera sarean, apala. Eta aurten, ikastetxeen elkarlanari esker, hamar webgune berri garatu dituzte ikasleek: lau elkarterenak eta ostalari munduko seirenak. Gaur egin dute bukaera ekitaldia, Aita Agirre kulturgunean, eta baliatu dute ekitaldia ikasleei egindako lana eskertzeko eta aitortzeko, bai eta webguneak aurkezteko ere. 


Hamasei entitatek parte hartu dute ekimenean: batetik, hiru ikastetxek (Elgoibar Ikastolak,  IES Elgoibar BHIk eta Meka Lanbide Eskolak), eta bestetik, zazpi elkartek eta sei ostalarik: Aizu Elgoibarko Ostalaritza Elkarteak, Atxutxiamaikak, Bizi Poza txarangak, C.D. Elgoibarrek, Debako Arbil jubilatuen elkarteak, Inazio Bereziartua musika eskolak, Txankakuak, Gabi jatetxeak, Iturri tabernak, King Kong kafetegiak, Malape tabernak, Pilon burgerrek eta Txarriduna jatetxeak. 

Hona, PuntuEUS fundazioko lagunek gaurko ekitaldirako prestatu duten aurkezpen-bideoa.