Hondakin organikoaren kudeaketa errazteko aplikazioa aurkeztu du Debabarreneko Mankomunitateak

Barren 2025ko eka. 9a, 15:29

Hondakin organikoetarako poltsak eskatzeko eta edukiontzi marroia "erraz eta azkar" irekitzeko aukera ematen duen aplikazio mugikor bat jarri du abian Debabarreneko Mankomunitateak.

Ireki izena jarri diote aplikazioari eta herritar guztientzat eskuragarri izateko diseinatuta dagoela azaldu dute. Hondakin organikoa eraginkortasunez kudeatzeko "funtsezko zerbitzu bikoitza" eskaintzen duela nabarmendu du Mankomunitateko gerente Nerea Zubillagak. Batetik, edukiontzi marroiarentzako poltsak eskatzea, erabiltzaileek materia organikoa behar bezala bereizteko beharrezko ontziak izan ditzaten. Bestetik, edukiontzi marroiaren irekiera adimenduna mugikorraren bidez; "horrek sarbidea errazten du eta erosotasuna hobetzen du hondakinak uzteko unean".

Nola funtzionatzen du Ireki aplikazioak?
Honako jarraibideak jarraitu behar dira aplikazioa instalatu eta martxan jartzeko:

  1.  Deskargatu app-a Google Playtik edo App Storetik.
  2.  Aukeratu hizkuntza eta onartu lege-oharra aplikazioa hastean.
  3. Erregistratu Mankomunitateak eman dizun QR kodea eskaneatuz.
  4. Aktibatu zure mugikorraren kokapena eta bluetootha, sistemak hurbileko edukiontziak detekta ditzan.
  5. Eskaneatu edukiontzia eta, zure sarbidea baliozkoa bada, automatikoki irekiko da. Berriz ireki nahi izanrez gero, pantaila nagusiko giltzarrapo berdearen ikonotik ireki daiteke.

Herritarrei hondakinak behar bezala bereizteko beharrezko tresnak ematea dela euren lehentasuna adierazi du Zubillagak, eta aplikazio hau beste urrats bat dela organikoaren birziklapena bultzatzeko, "funtsezko pieza baita hondakinen kudeaketa jasangarrian". 

Txartelak etxera bidaliko dituzte Elgoibarren 

Elgoibarko Udalak jakinarazi du Herritarren Harretarako Zerbitzuan (HAZ) geratzen zitzaizkien txartelak, -edukiontzi marroiak irekitzeko sistema berria-, etxeetara bidaliko dituztela. Horrela, ez da gehiago banaketarik egingo udal bulegoan, eta oraindik jaso ez duten herritarrek postontzian jasoko dute berea.