Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, 19:00etan egingo dute Elgoibarren indarkeria bikarioaren biktima izan den adingabearen hilketa gaitzesteko protesta ekitaldia. Kalegoen plazan egingo dute, 'Eraso sexistarik ez! autodefentsa feminista!' lelopean. "Aste berean gizon batek emakume bat bortxatu du eta beste gizon batek adin txikiko neska bat erail du Errekalden, Bilbon. Nahikoa da!", adierazi dute. Zehaztu dutenez, indarkeria matxistak lau emakume erail ditu aurten Euskal Herrian. 2003. urteaz geroztik hamahiru adingabe hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian indarkeria bikarioa erabiliz.
Bilboko Larraskitu auzoan gertatu zen azken hilketa matxista. 43 urteko gizon batek 13 urteko alaba hil zuen, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Zenbait berri agentziak jakinarazi dutenez, adingabearen gurasoek eztabaida bortitza izan zuten goizaldean, eta amak etxetik ihes egin zuen. Emakumeak Udaltzaingoari deitu zion, alabaren bizia arriskuan zegoela ikusita. Poliziak etxebizitzara sartu zirenean, adingabearen hilotza aurkitu zuten, maindire artean estalita, eta aita komunean, hark ere labana zauriak zituela. Ama Basurtuko ospitalera eraman zuten, zaurituta.