Mendi lasterketak irabaztera ohituta dauden Mayi Mujika eta Maite Maiora izan ziren Elgoibar eta Mendaroko ordezkari bakarrak Zegama Aizkorri mendi maratoian. Oraingoan aurreneko postuetatik urrun sailkatu ziren arren, maila onean aritu ziren: 27. postuan sailkatu zen Mayi Mujika (05:18:28) eta 34. postuan Maite Maiora (05:25:46). Emakumezkoetan Sara Alonso donostiarrak irabazi zuen lasterketa, 4:27:25eko denborarekin. Judith Wyder suitzarra sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik 2 minutu eta 22 segundora, 04:29:47 denborarekin. Iaz txapeldunorde izan zen Malen Osa oñatiarra sailkatu zen hirugarren postuan, 04:31:18 denborarekin.
Maite Maiorarentzat bederatzigarren parte hartzea izan da aurtengoa. Horietan denetariko bizipenak eduki ditu eta guztietatik ikasi duela zerbait esan zuen lasterketa jokatu aurrekoan eitbri eginiko adierazpenetan. Garaipena eta errekorra lortu zituen mendaroarrak 2017ko edizioan, 4 ordu eta 34 minutuko markarekin: baina, erretiratzea eta proban min hartzea zer den ere ezagutu ditu, bere berbetan "dena eman" dion mendi lasterketan. Horregatik, bizirik dirau Zegamarako daukan ilusioak. Aurtengoan "marka txukun" bat eginda proba bukatzea zuen helburua.
Lariz eta Lendinez kilometro bertikalean
Iñigo Lariz eta Ainhoa Lendinez Zegama-Aizkorri kilometro bertikalean lehiatu ziren, eta biek lortu zuten postu bera, hamaseigarrengoa; batak gizonezkoetan eta emakumezkoetan besteak. Larizek 39 minutu eta 5 segundoan osatu zuen igoera eta 52 minutu eta 27 segundoan Lendinezek.
Naiara Irigoien mendi korrikalari burlatarrak jarraian lortzen duen hirugarren txapela eskuratu zuen emakumezkoetan. 44 minutu eta 13 segundoan osatu zuen Arriaunditik (505 m.) Iraulerako (1.520 m.) igoera –hiru kilometroan 1.015 metroko desnibela-. 54 emakumezkok hartu zuten parte.
Iu Net Puig kataluniarra izan zen azkarrena gizonezkoetan, 35 minutu eta 42 segundoko denborarekin. 193 gizonezkok hartu zuten parte.
Zegama-Aizkorriko irudiak Goierri Irrati Telebistan ikus ditzakezue