Debabarreneko ESIKo osasun langileek bat egin dute Euskaraldiarekin "euskara gehiago entzun dadin Osakidetzan"

Erredakzioa 2025ko mai. 16a, 07:27

Debabarreneko ESIko langileen agerraldia Mendaroko ospitalean.

Debabarreneko Osakidetzako osasun-zentro eta ospitaleetako dozenaka langilek bat egin dute euskaraldiarekin eta dagoeneko 300 txapa banatu dituzte bertako langileen artean. Helburua: "Entzun dadila Euskara gehiago Osakidetzan!".

Debabarreneko ESIko Euskara Batzordeak hainbat ekimen antolatu ditu Euskaraldiari lotuta, esaterako, langileak izen-ematera animatzeko, URL bat abiarazi dute soilik ESIko lantaldearentzat eta horren bidez izena ematen dutenek txapa lantokian bertan jasotzeko aukera izango dute. Txaparekin batera, dekalogo bat banatuko diete langileei egunotan gogoan izan beharreko konpromisoak zerrendatuta. Gainera, zentroz zentro bisitan joateko asmoa dute langileek zentro bakoitzean duten parte-hartzea "ikusarazi eta ospatzeko".

Batzordearen esanetan, Debabarreneko ESIren erronka bikoitza da: "arreta euskaraz eskaintzea eta euskara lan hizkuntza bihurtzea".

Bulegoko kantariaren babesa

Apirilean, Debabarreneko ESIko langile taldea, Iratxe Regidor, Laura Gomez eta Miren Hormaetxea Kalitate eta Komunikazio taldeko kideak eta Garbiñe Garai euskara-teknikaria, Tomas Lizarazurekin batu ziren, Euskaraldiko kanta egin duen Bulego taldeko kantari azkoitiarrarekin. Izan ere, Regidorrek azaldu duenez, Azkoitia Debabarreneko ESItik kanpo dagoen arren, azkoitiar asko artatzen dituzte ESIko Mendaroko Ospitalean, hurbiltasun geografikoagatik eta Lizarazu bera ere sarritan izan da bertan. 

Langile taldeak Lizarazuri egindako elkarrizketa argitaratu du Osakidetzako albisteen atalean eta bertan, azkoitiarrak Debabarreneko ESIko langile guztiak animatu ditu Euskaraldian parte hartzera, bai euskaraz ondo moldatzen direnak eta bai euskaraz hitz egiteko zailtasun handiagoa dutenak ere: "Niri asko gustatzen zait euskaraz ez dakitenak edo zailtasunak dituztenak euskaraz egiten saiatzen ikustea. Oso polita iruditzen zait. Jarrerak asko esaten du, eta elkar uler badezakegu, zergatik ez dugu euskaraz egingo?»". Haren ustez, horrela eraikitzen da hitz egiteko gogoa, aurreiritziak alde batera utzita. "Gainera, gustatuko litzaigukeen arren, hurbileko helburua ez da osasun-arloko profesional guztiak euskaldunak izatea eta beti euskaraz egitea, baizik eta guztiok izatea hizkuntzarekiko jarrera positiboa", argitu du.