Kalegoen plazan egingo dute hasiera-ekitaldia Elgoibarren, 19:00etan hasita, eta ordu berean txupinazoa botako dute Mendaron. Gizarte aktibazioa bilatzen du Euskaraldiak, eta parte hartzera deitu dute herri batzordeetatik.
Elkar mugituz egingo dugu izango du leloa Euskaraldiak, aktibazioan eta mugimenduan jarri nahi izan dutelako fokua antolatzaileek laugarren edizio honetan. Helburua betikoa izango du: euskara gehiago, gehiagotan eta jende gehiagorekin erabiltzea, eta horretarako, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egitea da proposatzen diguna.
Xaxatzaile rola, 6 urtetik 16ra artekoentzat
Maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu daiteke ariketan, entitateek ere badutelako izena emateko aukera [Elgoibarren, 95 entitatek eman dute izena momentuz], eta norbanakoen kasuan, gutxieneko baldintza bi bete behar dira: 16 urtetik gora izatea eta euskaraz ulertzea. Hala ere, aurten, 6 urtetik 16 urtera bitartekoei ere egin diete ariketan parte hartzeko gonbidapena, xaxatzaile rola sortuta. Euskaraz jakin arren gaztelerara irrist egiten duen helduari euskaraz egin dezakeela gogoraraztea izango da xaxatzaileen egiteko nagusia ariketak irauten duen denboran.
Rolen esanahia ondo ulertzea, ezinbestekoa
Ariketan parte hartzeko izena eman behar da, euskaraldia.eus webgunean sartuta, eta ondoren, bi roletako bat aukeratu behar da: ahobizi edo belarriprest. Rolak betikoak dira, baina oraindik sortzen dira batzuetan zalantzak haien inguruan, eta horren jakitun, antolatzaileek azpimarratu dute komeni dela bietako bat aukeratu aurretik haien esanahia ondo ulertu dugula egiaztatzea, ariketa honek inplikazioa eskatzen duelako eta rola ondo aukeratzea ezinbestekoa delako konpromisoa behar bezala betetzeko. Horren harira gogorarazi dute rola aukeratzeko orduan gakoa jokaeran dagoela eta ez gaitasunean; hau da, garrantzitsuena ez dela zenbat euskara dakigun, baizik eta dakigun euskara hori nola erabiliko dugun; zenbatekin eta zenbatetan erabiliko dugun pentsatzea, alegia. Rola aukeratu ondoren eta ariketak irauten duen egunetan, ahobizi edo belarriprest garen adierazten duen txapa jantzi beharko dugu soinean, ariketa eroso egin ahal izateko.
AHOBIZI: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo ditu; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko du.
BELARRIPREST: Aldiro erabakiko du euskaraz noiz eta norekin egin. Beharbada, beti ez du euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek euskaraz hitz egitea nahi duela esango die parean dituenei.
XAXATZAILE: 6 eta 16 urte bitartekoentzako aurten sortu duten rola. Euskaraldiak irauten duen bitartean, euskaraz egin dezaketela gogoraraziko die euskaraz jakin arren
gazteleraz ari diren helduei.
Maiatzaen 15ean, denok plazara
Euskaraldia ariketa soziala hasten den egunean, maiatzaren 15ean, hasiera-ekitaldiak egingo dituzte Elgoibarren eta Mendaron, eta bietan egongo da aukera Euskaraldian izena emateko nahiz txapa jasotzeko. Ordura arte, Elgoibarren izena eman dutenek Elgoibarko Izarraren bulegoan (Aita Agirre kulturgunea, 3,3) jaso behar dute txapa. Maiatzaren 15eko Elgoibarko ekitaldia Kalegoen plazan egingo dute, 19:00etan hasita (euria egingo balu, Maalako parkera aldatuko lukete lekuz). Euskaraldia ariketa egingo dutenak bilduko dira plazan eta Euskaraldiak eman duenaren gainean jardungo dira, bai eta laugarren edizioan dituzten erronken inguruan ere. Ondoren, Birakakoek dantza egingo dute Bulego taldeak Euskaraldirako sortu duen Gure bihotzaren taupadak kantarekin, eta amaitzeko, aukeratu duen rolari dagokion txapa jantziko dute. Ordu berean, 19:00etan, txupinazoa botako dute Mendaron.
Euskaraldiaren helburu nagusiak:
- Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko eta denboran zehar errotzeko.
- Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragitea eta aldaketan lagungarri izatea.
- Entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak sustatzea.
- Gizartea aktibatzea eta herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea.
- Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea.
- Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzea.