Zortzi ordu iraun du gaurko argindar etenaldiak. 12:33ak aldera joan da argia Iberiar penintsula osoan, eta eragin du kaosa. Itzali dira ordenagailuak eta gainerako lantresnak gure bulegoan ere, eta oraintxe arte ezin izan dugu egunean zehar ikusitakoaren berri eman. Ezustean harrapatu gaitu guztiok eguerdian, goizeko jarduna bukatuta bazkaltzera etxera irteteko puntuan zenbait. Jateko hotza bazkaltzeko eguna izan da gaurkoa. Itzali dira makinak eta bestelako lantresnak lantokietan, gelditu dira igogailuak, itxi dituzte gasolindegiak bonbak ez zebiltzalako, eten da tren-zerbitzua, itzali dira kutxazain automatikoak, itzali dira semaforo eta abarrak errepideetan, itxi dira garajeetako ate elektrikoak eta estaldurarik gabe gelditu dira telefonoak. Kaosa! Argia joan eta minutu gutxira jakin dugu itzalaldia ez zela gure etxe bueltara mugatzen. Artean, sakelako telefonoetara mezu banaka batzuk iristen ziren tarteka, eta galdera bera zekarten guztiek: "Argirik baduzue hor?" Irratiari esker jabetu gara gertatzen ari zenaren tamainaz, eta ordu batzuetan horixe izan dugu informazio-iturri nagusia. Irratiko lankideek ere arazoak zituzten, baina, kazetariekin harremanetan jartzeko, eta haiek, gure antzera, herritarrek kontatutakoa izan dute gertatzen ari zenaren tamaina hartzeko modua.
Hasierako orduetan harridura zen nagusi, baina orduek aurrera egin ahala urduritasuna ere suma zitekeen kalean. Ez zegoen beste gairik. Ordubiak aurretxoan, mezua zabaldu du Eusko Jaurlaritzak, argindarra Europako leku askotan eten dela esanez eta herritarrei lasaitasuna eskatuz. 112 telefonoa larrialdietarako bakarrik erabiltzeko ere eskatu dute, lineak ez kolapsatzeko. Elgoibartik eta Mendarotik egindako itzulian, ikusi ditugu dozenaka eta dozenaka langile lantegi atarietan, zain, eta igarri zitekeen halako egonezin urduri bat gure enpresa handietako arduradunen bisaietan; ikusi ditugu udaltzainak kalean adinekoei eta ezinduei laguntzen, igogailuak gelditu direnean askok arazoak izan dituztelako etxeratzeko nahiz etxetik irteteko, eta ikusi ditugu suhiltzaileen kamioiak kalean hara-hona, larrialdi deiei erantzunez; ikusi ditugu trenak geldirik ere, bata Mendaron, Santa Ana parean, eta bestea, Elgoibarren, Saturio parean. Tren-zerbitzua etenda, oinez irten behar izan dira barruan zihoazen bidaiariak trenbidetik, eta trenak gelditu direnean, pilatu da jendea autobus geltokietan, autobus-zerbitzuak ez duelako etenik izan.
Mendaroko ospitalean normaltasuna zen nagusi eguerdian, ospitalean argindar sorgailua aktibatu dutelako, baina han izan garen tartean batzartuta zeuden ospitaleko arduradunak, behar ziren erabakiak hartzeko. Larriago ikusi ditugu anbulantzietako gidariak eta Eguneko Zentroko langileak. Igogailurik gabe, etxeraino igo behar izan dituzte gaur bere hankaz igotzeko gai ez ziren gaixo edo adineko asko, eta zaildu zaie lana.
15:30ak aldera jakin dugu Espainiako Gobernuak Nazioaren Segurtasunerako kontseilua deitu duela eta beharrezko izan ezean autorik ez hartzeko ere eskatu dute Madrilgo gobernutik. Gurean aparteko arazorik izan ez bada ere, Euskal Herriko hiriguneetan-eta sortu ditu itzalaldiak eragozpenak trafikoan ere. Orduek aurrera egin ahala, baina, urduritasuna gero eta handiagoa izan da, eta gogoratu gara duela aste batzuk Europako Batasunak egin zuen gomendioarekin, horrenbeste meme eta txisterako eman zuen bizirauteko kitarekin. Ordu horretan, BM supermerkatua itxita zegoen, baina parean, Mercadonan, normaltasun osoz ari ziren lanean. Supermerkatuan erosketak egiten ari zirenen artean, baina, gai bat zen nagusi: Zer erosi jateko, berotu ezin bada? Zenbat erosi, hozkailua ez dabilenean eta jatekoa hotzak mantendu ezin denean?.
18:15ak aldera agerraldia egin du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta esan du lanean ari zirela argindar etenaldiaren jatorria zein zen argitzeko. «Oraindik ez dugu informazio guztiz argigarririk, hobe da espekulaziorik ez egitea, baina guk ez dugu hipotesi bakar bat ere baztertzen». Nabarmendu du ez dagoela segurtasun arazorik, eta osasun sistemak ondo funtzionatzen duela. Herritarrei hiru gomendio egin dizkie agerraldi horretan Sanchezek: ahalik eta gutxien mugitzea autoz, informazio iturri ofizialak erabiltzea eta modu arduratsuan erabiltzea sakelako telefonoa —112 zenbakira behar denean bakarrik deituz, eta deiak ahal bezain laburrak eginez. Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria ere agertu da prentsa aurrera iluntzean eta normaltasunera iristeko orduak eta egunak beharko direla ohartarazi du. Lehendakariak esan du biharkoa ere ez dela egun normala izango, baina handik gutxira argia bueltatu da, eta lasaitua hartu dugu. Bihar, biharkoak. Jateko beroa afaltzeko aukera izan dugu behintzat, eta badugu argia gauerako. Itzalaldia zerk eragin duen, baina, ez dago argi. Hori bai, Jaurlaritzatik ohartarazi dute informazioa ez den asko zabaldu dela ahoz ahoz nahiz sare sozialetan, eta informazio iturri nagusiek diotenari bakarrik kasu egiteko eskatu dute. Zuhurtzia eta pazientzia eskatu dituzte.