Itzulia Mendarotik eta Elgoibartik igarotzen ikusiko dugu bihar berriro, azkeneko etapan

Barren 2025ko api. 11a, 08:50

Bihar, zapatua, hilak 12, berriro igaroko da guretik Euskal Herriko Itzulia. Atzo arratsaldean ikusi ahal izan genuen tropela gure errepideetan eta Eibarren hasi eta bukatzen den biharko etapan berriro izango dugu aukera hori. 

Beasainen hasi eta Markina-Xemeinen bukatu zen atzo Itzuliko laugarren etapa, eta helmugarako bidean, Mendarotik eta Elgoibartik ere igaro ziren txirrindulariak. Mutrikutik barrena iritsi zen gurera eta Eibarren Matsariako aldapa pikoetan gora hasi aurretik, ikusi genituen gure bi herrietatik igarotzen. Ihesaldiko talde txiki bat, 11 bat lagun, aurretik eta atzetik Bahrain taldekoak tiraka zirela pasatu ziren Elgoibartik, sendo itxura batean Pello Bilbaoren taldekideak, baina helmugarako 17 bat kilometroren faltan harrapatu zituen atzetik zetorren taldean, eta Joao Almeida UAEko txirrindulari portugaldarra jarri zen taldeburu Ixuara bidean. Hala, poliki-poliki atzean lagatzen joan zen gainerakoak Almeida, eraso gogorrik jo beharrik gabe. Hortik aurrerakoan bera izan zen nagusi, nahiz Alex Aranburu saiatu zen hura harrapatzen, bai Ixuan gora eta baita beheranzkoan ere. Helmugan 28 segundoko aldea atera zion Almeidak bigarren sailkatuari, Isaac del Torori (UAE) eta Maximilian Schachmannek egin zuen hirugarren. Sailkapen nagusian, Joao Almeida bera dago lider.  

Bihar, zapatua, berriro 

Bihar jokatuko dute Itzuliko azken etapa, etapa erabakigarria. Eibarren hasi eta bukatuko da, 153,6 kilometroko bidea eginda: 13:15eatan abiatuko dira txirrindulariak Eibarko Untzaga plazatik eta zazpi mendate igo beharko dituzte: Elkorrieta (3. mailakoa), Azurki (2), Krabelin (1), Trabakua (3), Karabieta (2), Ixua (1) eta Trabakua (3) berriro. Bidean birritan igaroko dira Elgoibartik eta behin Mendarotik. Eibartik Itziarrera bidean pasatuko dira estreinakoz Elgoibartik, 13:42ak aldera. Mendaron, 13:51ak aldera espero dira eta handik Sasiolan gora egingo dute, Elkorrietako gainerantz. Azurkitik barrena itzuliko dira Elgoibarrera, Azkaratetik. Bigarren buelta horretan, 14:32ak aldera pasatuo dira Elgoibartik Eibarrerantz. 

 

Tropeletik ihes eginda igaro da taldetxoa Txankakoa paretik. Arg: Roberto Sanchez.