Garraioa eta Mugikortasuna

Trantsizio berderantz, bide grisetik

Tokikom - EITB 2025ko mar. 28a, 15:41

Autoz, trenez, bizikletaz, oinez edo autobusez… Nola mugitzen garen ez da soilik garraiobide kontua: gure herrien, hirien eta lurraldeen egituraren isla zuzena da. Mugikortasun ereduak ez dira neutroak; Historia kontatzen dute, eguneroko bizitza baldintzatzen dute eta etorkizuna irudikatzen dute. Horixe da Ander Gortazar arkitekto eta EHUko Hirigintza eta Lurralde-antolaketa Saileko irakaslearen iritzia: "Mugikortasuna eta hirigintza ia gauza bera dira".

Gaur egun, Euskal Herriko erronka nagusietako bat da dispertsio geografikoa, zaharkitutako ohiturak eta eredu jasangarriaren premia eta eguneroko joan-etorriak uztartzeko modua topatzea. Zentralizatutako hiri handiak zein bizigune sakabanatuetako bailarak, tokian tokiko errealitateen artean alde handiak daude. Eta horren aurrean, galdera bat gailentzen da: nola egin bateragarri mugikortasuna, denon beharrak asetzea, eta, aldi berean, lurralde jasangarriago baten bidea irekitzea?

 

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan egunero milioika joan-etorri egiten dira, eta gure mugikortasun-ohiturak hainbat faktorek baldintzatzen dituzte, hala nola hiri-antolaketa, garraio publikoaren erabilgarritasuna eta ibilgailu pribatuen nagusitasuna.

Gero eta gehiago mugitzen gara; Eusko Jaurlaritzaren azken Mugikortasun Inkestaren datuen arabera (2021), 6,5 milioi desplazamendu gertatzen dira astegun buruzurietan egunero-egunero EAEn; horietatik % 45 oinez, % 33, autoz eta % 15, garraio publikoan. Garraiorako aukerak hiri-diseinuaren araberakoak dira, eta horrek nabarmen baldintzatzen du norantz goazen gure eguneroko joan-etorrietan.

Ikusi bezala, desplazamendurik ohikoena oinez egiten da, norberaren udalerriaren barruan; oro har, eguneroko joan-etorrien % 45 oinez egiten dira, eta zenbateko hori are handiagoa da emakumeen (% 51) eta 65 urtetik gorakoen artean (% 72). Bestalde, auto pribatua da nagusi lan egiteko adinean daudenen artean: 20 eta 64 urte bitartekoen ia erdiek aukeratzen dute bere ibilgailua aukera nagusi gisa eguneroko joan-etorriak egiteko.

Garraio publikoa, aldiz, batez ere (% 23) gazte-gazteek erabiltzen dute —7 eta 19 urte bitartekoek, alegia— , baina alde handiak daude lurraldetik lurraldera: Bizkaian egiten dira mota horretako bidaia gehien, 1.000 biztanleko eguneko 415 joan-etorrirekin; ondoren, Gipuzkoa (312), Araba (216) eta Nafarroa (172).

Baina, zertarako mugitzen gara? Bidaien % 29,9 lanera joateko dira, eta ikasketengatiko bidaiak batuz gero (% 12), joan-etorrien ia erdiak betebehar profesionalei edo prestakuntza-betebeharrei lotuta daude. Gainerakoa erosketen eta gestioen (% 28,8) eta aisialdiko jardueren (% 22) artean dago banatuta. Arlo horretan ere eragina du generoak: gizonak gehiago desplazatzen dira lanagatik (% 32), eta emakumeak, berriz, batez ere kudeaketak egiteko (% 32,3). Eta, espero bezala, 7 eta 19 urte bitarteko gazteak batez ere ikasketengatik mugitzen dira.

Eta, nora? Eusko Jaurlaritzaren azken azterlan horren arabera, Bizkaian biltzen dira EAEko eguneroko joan-etorrien erdiak. Bilbo Handiak bakarrik 2,9 milioi desplazamendu inguru hartzen ditu astegun buruzurietan —hau da, lurralde horretako mugikortasunaren % 80— eta metropoli horretako joan-etorrien % 42ren epizentroa Bilbo da.

Hiri-dentsitatea, biztanleriaren banaketa eta ekoizpen- eta zerbitzu-jardueren kontzentrazioa funtsezko faktoreak dira bizilagunen mugimenduetan. Gipuzkoan, Donostialdeak (Donostia buru dela) lurralde-mugikortasunaren % 53 biltzen du, eta Araban, Gasteizen bakarrik egiten dira eskualdeko joan-etorrien % 96 eta Araba osokoen % 82.

Azpimarratu beharra dago datuok 2021ekoak direla, pandemia betean, eta horiek, oro har, 2016ko Mugikortasun Inkestak jasotakoak baino baxuagoak direla (6,7 milioi desplazamendu egunean), mugikortasun mugatua zela-eta. Hala ere, joan-etorrien kopurua handituz doa urtez urte.

Araba

Eguneroko mugikortasunean, Gasteizek hartzen du Araba osoko joan-etorrien zenbatekorik handiena, baita desplazatzeko modu jasangarriena ere. Ohiko lanegun batean, lurraldeak milioi bat joan-etorri inguru erregistratzen ditu egunero, hau da, EAEko desplazamendu guztien % 15.

Horietatik guztietatik, % 85 Arabako Lautadan egiten dira, eta, horren barruan, % 96 Gasteizen. Norbera bizi den udalerriaren barruko mugikortasuna % 84koa da —Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean handiena—, eta horrek hiri "autosufizientearen" ideia indartzen du zerbitzuei, enpleguari eta jarduerei dagokienez.

Garraio publikoaren erabilerari dagokionez, Araban egunero 216 bidaia egiten dira 1.000 biztanleko, eta desplazamendu horien % 97 hiriburuan kontzentratuta daude. Joan-etorrien ia erdiak (% 47) oinez egiten dituzte arabarrek, baina ibilgailu pribatua gogotik erabiltzen da oraindik ere (% 43); garraio publikoak pisu txikia du (% 9).

Gasteiztik kanpo, egoera bestelakoa da: lurraldeko desplazamenduen % 15 baino ez dira, eta horietatik % 3 baino ez dira garraio publikoan egiten.

Bizkaia

Bizkaia da mugikortasuna handien duen lurraldea, batez ere metropoliaren inguruan; izan ere, EAEko desplazamendu guztien erdiak han egiten dira: lanegun bakar batean, 3,2 milioi joan-etorri zenbatu ohi dira, Bilbo Handiko metropoli-eremuan metatzen da horien % 80, eta Bilbok bakarrik hartzen du lurralde osoko mugikortasunaren % 33.

Bilboko metroak eta autobus-sare zabalak Bizkaia garraio publikoaren erabileraren buru izatea eragiten dute: 415 bidaia 1.000 biztanleko, egunean. Hala ere, oinez ibiltzea da aukerarik ohikoena (% 50), eta ibilgailu pribatuak ere pisu handia du (% 33); hala, garraio publikoa joan-etorrien % 15 da.

Bilbo Handiak lotura onak ditu hiriaren barruan eta kanpoan, eta handik abiatzen dira joan-etorri gehienak. Aldiz, eskualde periferikoenetan, mugikortasuna txikiagoa da, baina hiriburuarekin etengabeko harremana dute, eta horrek presioa eragiten du Bilboko azpiegituretan puntako orduetan.

Lurraldeen arteko loturak ere biziak dira. Hiriburuen arteko ibilbide erabiliena Bilbo-Donostia da, egunero 21.000 bidaia baino gehiago egiten baitira, eta ondoren Bilbo-Gasteiz, 15.600 bidaiarekin.

Gipuzkoa

Gipuzkoak eredu banatuagoa du. Donostiak mugikortasunaren zati handi bat hartzen duen arren, ez da jaun eta jabe: beste eskualde batzuek ere —Bidasoak edo Debagoienak, kasu— desplazamendu-kopuru handia dute eta.

Lanegun bakoitzean, Gipuzkoak biltzen ditu EAEko mugimenduen % 30. Donostiak horren % 33 hartzen du, eta bere eskualdeak, Donostialdeak, % 53.

Lurralde horretan, joan-etorrien % 42 oinez edo bizikletaz egiten dira, autoan, % 44, eta garraio publikoan, % 13. Garraio publikoa bereziki eraginkorra da Donostian, Dbus zerbitzuari esker, baina garraio kolektiboko bidaien % 64 udalerrien artean egiten dira, hiriburua joan edo hiriburutik abiatu direnak barne.

Autobusean egindako bidaien artean, Donostia-Bilbo lotura da nagusi, ibilbide horretako 21.000 joan-etorri egiten baitira egunero; Donostia-Gasteiz loturak, berriz, askoz datu apalagoak ditu (5.200).

Nafarroa

Nafarroan, 172 bidaia egiten dira egunero garraio publikoan 1.000 biztanleko, eta aztergai izan diren lurraldeen artean kopuru txikiena du. Joan-etorri gehienak Iruñerrian egiten dira, bertan bizi baitira Nafarroako bizilagun gehienak (% 31).

Datu zehatzik ez badago ere (oinez, autoz, garraio publikoz), EAEn bezala, adierazleek agerian uzten dute autoa modu intentsiboan erabiltzen dela lurraldeko gainontzeko eskualdeetan; Iruñerriko udalerrietan, berriz, oreka handiagoa ikusten da, hiri-garraioko sistema eta hiriaren egitura trinkoa direla eta.

Iruñerritik kanpo, bere kokapen estrategikoari esker, Sakanak komunikazio azpiegitura nabarmenak ditu: hiru autobia, bigarren mailako errepideak eta trenbidea zeharkatzen dute ibarra. Hala ere, mugikortasunaren ardatz nagusia ibilgailu pribatua da; aldi berean, autobideek bestelako ondorio bat ere izan dute inguruan: txirrindularientzat “paradisu” bihurtu dira bigarren mailako errepideak. Garraio publikoari dagokionez, autobus zerbitzua da nagusi, baina 2023ko maiatzean Nafarroako Gobernuak egindako berrantolaketak gabeziak utzi ditu agerian: ordutegi bakoitzean autobus bakarra igarotzen da eta askotan beteta doa, jendea geltokian utzita. Trenaren erabilera ere oso mugatua da gaur egun, nahiz eta udaberrirako Altsasu eta Miranda Ebro arteko zerbitzua hobetuok ei den.

Autoa, jaun eta jabe

Erakundeek mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko ahaleginak egin arren, auto pribatua da protagonista Hego Euskal Herriko eguneroko joan-etorrietan. Garraiobide hori erabiltzen da gehien hainbat lurralde eta biztanleria-segmentutan, eta 2007tik autoen salmenta-kopuruetan gorabeherak egon diren arren, 2023tik hona matrikulazioek etengabe egin dute gora, bai EAEn (+ % 5,6), bai Nafarroan (+ % 2,1) azken urtean.

EAEko eguneroko joan-etorrien % 33-44 ibilgailu pribatuan egiten dira. Gipuzkoa da liderra (% 44), eta Araba (% 43) eta Bizkaia (% 33) ditu atzetik. Nafarroan ere, eskala berean banatutako daturik izan ez arren, autoa da garraiobiderik erabiliena.

Gure errepideetako ibilgailu-parkeari dagokionez, zaharra eta elektrifikazio-maila baxukoa da. Oro har, 1,9 milioi ibilgailu inguru dira; gehienak, turismoak: parkearen % 74,1 Bizkaian, % 73,1 Araban, % 70,1 Nafarroan eta % 68,3 Gipuzkoan. Azken horretan, motozikleta kopuru handiagoa nabarmentzen da (% 14,3).

Autoen adinari dagokionez, EAEko batazbestekoa 14,5 urtekoa da; eta Nafarroakoa, 15,2 urtekoa. Bi balioak Espainiako Estatuko batazbestekoaren inguruan edo gainetik daude. Zahartze hori funtsezko oztopoa da deskarbonizazio-helburuak lortzeko, parkea eredu iraunkorragoetara egokitzea eta berritzea zailtzen baitu.

Ingurumen-etiketei dagokienez, 0 etiketa (zero isuri) duten ibilgailuek hondar-presentzia izaten jarraitzen dute lau lurraldeetan. C etiketa (azken EURO arauak betetzen dituzten barne-errekuntzako ibilgailuak) eta B etiketa (aurreko araudiak) dituzten modeloak dira nagusi, eta alde txikia dago lurraldeen artean. Hala ere, ingurumen-bereizgarririk gabeko ibilgailu kopuru handi batek presentzia nabarmena du gure inguruan, parke zaharkituaren ondorioz, batez ere.

Parkea zahartu den arren, matrikulazio berriek modu iraunkorrago bateranzko bidea erakusten dute. Izan ere, 2024an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auto berrien % 62 eta Nafarroako % 59 "alternatiboak" dira, hau da, elektrikoak, hibridoak edo gasezkoak. Hala, EAE liderra da hibrido ez-entxufagarri berrietan (% 44,5) eta Nafarroa, elektriko hutsetan (% 13,7), Estatuko batezbestekoaren bikoitza baino gehiago (% 5,6).

Car-sharinga edo autoak partekatzea

Alabaina, mugikortasun jasangarriago baten bila gaude, garraio publikoa hauspotzeaz gainera, Ander Gortazar adituak bestelako eredu bat jarri du mahai-gainean: car-sharinga, hau da, autoak partekatzea.

Dioenez, kotxeak ez dira makina batere eraginkorrak, kotxe batek bere denboraren % 95 aparkatuta pasatzen duelako, “eta efizientzia energetikoaren aldetik ere, ez da oso jasangarria”. Hala ere, aitortzen du autoak mugikortasuna asko erraztu dezakeela eta, ildo horretan, jabetzan dugun objektu bat izatetik erabiltzen dugun objektu bat izateko ideia egin du: “Hau da, nik ez dut kotxerik, baina kotxe bat erabili dezaket behar dudanean, izan sare publikokoa edo pribatukoa”. Hala, bere ustez, autoak partekatuta, ibilgailuen kopurua % 70 murriztu liteke.

Kotxeak partekatzeko askotariko proiektuak jarri dituzte martxan gure inguruan, hala nola Uribe Kostan, tokiko mankomunitateak sustatutako Ukanauto zerbitzuaren bitartez. Kasu horretan, urtean 30 euroko kuota ordainduta, alokairuzko kotxe bat erreserbatu dezakete erabiltzaileek, behar dutenean erabil dezaten.