Fibromialgia gaixotasun kronikoa da, eta muskuluetako eta eskeletoko min orokortua du ezaugarri; gorputzeko eremu askotan, eta puntu zehatz batzuetan hipersentikortasuna eragiten duelarik. Gaixotasuna ez da ezaguna jendartean, eta ikusgaitasuna emateko asmoarekin abiatu zuen Beñat Garciak "Fibromialgia abordatzen" proiektua.
Gipuzkoari itzulia korrika
Duela urtebete pasatxo abiatu zuen proiektua amaituko du asteburu honetan. Zailtasun handiko dozena bat kirol probatan parte hartu du 2024ko urtarriletik hona, eta egitasmoari "amaiera gozo" bat emateko, are erronka handiagoa jarri dio bere buruari: Gipuzkoari itzulia korrika ematea.
Gaur, martxoak 21, Donostiako Boulevardetik abiatuko da Garcia 20:00etan eta Gipuzkoari itzuli osoa eman ondoren, Asteasuko plazan amaitu asmo du, domekan 12:00ak inguruan. 40 ordu inguru beharko ditu 200 kilometroko bidea egiteko. 8-10 kilometroro jan-edanak egiteko geldialdi laburrak egingo ditu eta 50 kilometroro, berriz, luzeagoak —20 minutu ingurukoak— arropak aldatu eta atseden hartzeko. "Ez dut aurreikusi lo egiteko tarterik, nahiz eta beharra sortzen bazait izango dudan aukera, ordutegia bost orduko marjinarekin prestatu baitugu", azaldu du. Gazte asteasuarrak bakarrik egingo du bidea baina alboan 30 laguneko taldea izango du babesa ematen.
Karpa bat Maalan
Elgoibartik eta Mendarotik ere igaroko da Garcia, zapatuan (martxoak 22). Debatik sartuko da Debabarrenean eta 15:00ak eta 17:30ak bitartean Mendarotik pasako dela kalkulatzen du. Elgoibartik, berriz, 17:30etatik 19:30era bitartean. Ondorengo ibilbidea osatuko du Elgoibarren barrena: Arriaga - San Antolin - Toletxe kalea - Maala - Ermuaranbide - Bernardo Ezenarro - San Roke - Arregitorre - Erretxundi - Azkue Auzoa - Karakate. Garciak bere erronkarekin bat egitera gonbidatu ditu elgoibartarrak, berarekin batera korrika egitera edo elkartasun erronkarekin bat egitera. Asmo horretan, Maalan karpa bat jarriko dute 17:30etik 20:30era. Erronkaren eta fibromialgia inguruko informazioa egongo da karpan eta ekitaldirako prestatu duten materiala ere salduko dute.
Ikerketara bideratzeko dirua
Izan ere, helburu solidarioa du Gipuzkoako itzuliak, eta zeharkatuko dituen herri guztietara fibromialgiaren ingurukoak zabaltzeaz gain, Garciak ikerketara bideratzeko dirua biltzeko asmoa du, Gofundme.com plataformaren bitartez: "Itzuliak eragingo dituen gastuak material salmentatik eta merkatari eta ostalarien babesarekin estali nahi ditugu, eta kanpainarekin jasotako guztia gaixotasunaren ikerkuntzara bideratu nahi dugu". 5.000 euro biltzeko helburua jarri dute Fibromialgia abordatzen proiektuko bultzatzaileek.