Euskaraz sortu eta ekoitzitako zortzi film labur emango dituzte domekan Mendaron, eta apirilaren 2an Elgoibarren

Barren 2025ko mar. 20a, 11:24

Jone Arriola zinegile elgoibartarraren 'Hor Konpon' film laburreko irudia.

Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak, zortzi film laburrekin osatutako bilduma emango du aurten, eta domekan, hilaren 23an, Mendaron proiektatuko dituzte; eta Elgoibarren apirilaren 2an. Emango dituzten film laburren artean dago Jone Arriola elgoibartarraren Hor konpon.

Laburbiraren aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira eta horietarik, zortzi film hautatu dituzte herriz herri ikusi ahal daitezen. Orotara, 97 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu dute ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zine jaialditan saritutako lanak. Besteak beste, Goya sarietarako hautatutako filmak (Ekain Irigorienen “Europa” eta Eneko Sagardoyren “Betiko Gaua“), Alaia Martin bertsolariak, Karmele Mitxelena eta Iraitz Mateorekin batera zuzendutako “Pentsatzen dut”, Itziar Ituño protagonista duen “Prosopagnosia” edo “Utlandsk” Huezinema jaialdiko lan irabazlea.

Euskal Herri osoko 51 herritan ikusi ahal izango da aurtengo bilduma (22 Gipuzkoan, 19 Bizkaian, 5 Araban, 3 Iparraldean, 2 Nafarroan eta 1 Londonen). Mendaron eta Elgoibarren ere egingo du geldialdia euskarazko film laburren zirkuituak: martxoaren 23an Mendaroneta apirilaren 2an Elgoibarren (21:00etan).

Domekan San Agustin kulturgunean emango dituzte zortzi film laburrak, 19:00etatik aurrera. Hona hemen zortzi film laburren sinopsiak:

  • Hor Konpon. Egunerokoan topatzen ez duten adrenalina lapurretan eginez topatzen duten bi lagunen kontakizuna da Jone Arriola Lobete elgoibartarrak zuzendurikoa. Rita eta Berta dira lapurrak. Auto gorri zahar bat bidelagun izanik, inguruko bazterrak nahasten dituzte beraien egunerokotasunean aurkitzen ez duten adrenalina bilatzeko asmoz. Zoritxarrez gorakada guztiek beherakada bat ere badute. Bertak aldaketa bat behar du eta erabaki bat hartu du.
  • Prosopagnosia. Ekain Martinezek zuzendutako filma. Jendearen aurpegiak ezagutzea eragozten duen gaitza da prosopagnosia, neurri batean, guztiok pairatzen duguna, egilearen arabera. Barne bidaia baten kontakizuna da.
  • Plazer bat. Sonia Estevezek zuzendutako filma. Stop motion teknika baliatuz, pertsona bakoitzak dituen eguneroko plazer txikiei egindako omenaldia da filma.
  • Betiko gaua. Eneko Sagardoyk zuzendutako lana.  Alokatutako auto bat gidatzen ari den bati segika esistentziaren bihurgunetan korapilatuko den Mirenen kontakizuna da.
  • Europa. Ekain Irigoienek zuzendutako lana da. Gerratik ihesi Parisera iritsi den Lubnaren istorioa kontatzen du. Gurasoengan jarria du pentsamendua Lubnak, Mediterraneoa zeharkatu eta amestutako lurraldean elkarrekin biziko direla  baitu amets.
  • Goodbay Kleper. Nerea Ayala, Patricia Fañanas, David Modroño eta Iraia Yartok zuzendutako lana. 9 urte espazioan bueltaka ibili eta gero, Kepler teleskopioa erregai gabe gelditu da. Haley, 12 urteko neskatoa, hura agurtzera  joan da berria entzun duenean.
  • Utlandsk. Alba Lozanok zuzendutako lana da. Esti Oiartzunera iritsi da sei urtez Suedian bizi ondoren. Herria ez dela aldatu baieztatu du eta Estiri kostatzen ari zaio jaioterrira egokitzea.
  • Pentsatzen dut. Karmele Mitxelenak zuzendutakoa. Amatasuna lan munduarekin uztartu ezinda dabil Bea, eta Nora lagunarekin erakusketa batera egindako bisitak barrenak inarrosiko dizkio.

 

Bi helburu nagusi ditu Laburbirak: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik. 20 urteotan bide arrakastatsua egin du eta euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuito egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du.