Errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko kanpaina hasi dute eragileek

Barren 2025ko mar. 13a, 11:30

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak Errenta aitorpena euskaraz! izeneko ekimenarekin bat egin dute, herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko.

Ekimen horren baitan, herriko banku erakundeei eta aholkularitza etxeei gutun bat helarazi diete euren bezeroen artean euskararen erabilera sustatu dezaten Foru Ogasunarekiko harremanetan. Izan ere, azken urteotan handituz joan da errenta aitorpena egiteko euskara hautatu duten pertsonen kopurua, baina badago zer hobetua oraindik ere: 2020an, esaterako, errenta aitorpena egitera deituta zeuden elgoibartarretatik 1.068 lagunek egin zuten euskaraz, %17,95k. Iaz, berriz, 1.199k hautatu zuten euskara, %19k. 

Martxoaren 31n hasiko da errenta aitorpena Gipuzkoan. Hiru bide daude aitorpena egiteko eta guztietan erabil daiteke euskara: autolikidazio proposamena, aitorpen mekanizatua eta internet bidezkoa. 

Jarraian daukazue nola auekratu behar den euskara: Autolikidazio proposamena telefonoz edo Internetez onartzean, aitorpena euskaraz egiteko nahia adierazita; Errenta mekanizatuko bulegoan laguntzen duen langileari aitorpena euskaraz egiteko nahia adierazita, edota Foru Ogasunaren Zergabidea plataforman, errenta aitorpena euskaraz aurkeztean, euskararen aldeko hautua eginda.

  • Gipuzkoako Foru Ogasunarekin harremana euskaraz izateko argibideak, hemen: Ogasunarekin euskaraz 
  • Errenta aitorpen kanpainari buruzko datak eta informazio zabalagoa, Sarrera gida eta bideoekin, hemen: gipuzkoa.eus