Katalana eta galegoa ere eskuragarri 'Barren.eus' atariko itzulpen automatikoko aukeren artean

Barren 2025ko ots. 12a, 16:05

Barren.eus atariko erabiltzaileek bi hizkuntza gehiago dituzte eskura albisteen titularrak eta sarrerak automatikoki itzultzen dituen sisteman. Orain, testuak galegora eta katalanera ere itzultzen ditu sistemak, orain arte gaztelerara, frantsesera eta ingelesera egin duen bezalaxe.

Itzulpen sistema hau 2024ko maiatzean jarri zuen martxan TOKIKOMek Alea.eus, Erran.eus eta Goiena.eus webguneetan, modu esperimentalean, eta gerora zabaltzen joan da toki komunikabideen beste hainbat webgunetara, tartean Barren.eus-era.

Itzulpen sistemaren helburua ez da toki komunikabideon edukia osorik itzultzea: euskarazko komunikabideak gara eta halaxe jarraitu nahi dugu. Baina bai eskaini nahi izan diegu laguntza txiki bat gugandik gertu baina euskarazko komunitatetik kanpo bizi diren herrikideei, hurbiltzeko aukera izan dezaten. “Teknologiak zubigintzarako aukera oparoa eskaintzen digu, eta ez diogu horri uko egin nahi izan”, azaldu du TOKIKOMeko Komunikazio eta IKT zuzendari Joxe Rojasek.

Etorkizunean hizkuntza gehiago

Laguntzako itzulpen sistemaren garapena ez da hemen geratuko. TOKIKOMek asmoa du hizkuntza gehiago gehitzeko sistemara, batez ere gure herrien bueltan mugitzen diren hizkuntza komunitate txikiei euskaldunokin bat egiten laguntzeko. “Erronka soziolinguistiko zein teknologiko handia da, baina bidelagun egokien bila ari gara lanketa osatu bat egin eta euskal komunitatearen ikuspegitik zentzua duen eskaintza egiteko, teknologiarekiko besterik gabeko liluran jausi gabe”.

Treberen laguntza teknikoarekin garatutako itzulpen sistema webgune hauetan topatu daiteke momentuz: