Batzarra talde giro "paregabean" egin zutela adierazi dute eta hainbat gai landu zituztela Jubilatuen Biltokian egin zuten topaketan. Debabarreneko odol emaleen zuzendari berria ere aurkeztu zuten. Alaitz Zubiaurre debarrak hartuko dio erreleboa orain arte zeregin horietan aritu den bere amari, Arantza Iriondori. Azken urtean elkarlanean aritu direla azaldu zuten, trantsizioa errazte aldera.
Iazko odol emate datuak ere aztertu zituzten. Gipuzkoan %4 egin dute gora odol emateek 2024an. Alaitz Zubiaurrek dioenez, herritarrak odola ematearen beharraz kontzientziatzea izango da elkartearen zeregin nagusietako bat aurten ere. Bere berbetan, "beti" dago odol emaileen beharra, ez da puntualki bakarrik ematen den behar bat, eta hori dela-eta konstantzian jarri du azpimarra. "Urtero konstanteak izan behar gara, beharrak asetzeko eta odol faltagatik behintzat inor bidean gera ez dadin". Odol emale guztiei eskerrak eman dizkie "bihotzez", eta aspaldi eman gabe dauden odol emaleak edo sekula eman ez dutenak odola ematera animatu ditu. "Inoiz baino errazagoa da orain odola ematea, iaz martxan jarri genuen gotatanta.eus webguneari esker. Hor ikus daiteke non eta noiz eman daitekeen odola. Gure odolaren eta denboraren, -orduerdi bat- eskaintzearen trukean bizitza asko salba ditzakegu. Gerturatu, bakarka, familian edo lagunartean, nahi duzuen eran ...baina gerturatu. Ez izan beldurrik", esan du.
Odol emale izateko baldintza batzuk bete behar dira: 18 eta 65 urte bitartean izatea, osasun onean egotea, eta 50 kilogramo baino gehiago pisatzea.
Erreserba, ohi baino txikiagoa
Odol osagaien erreserbak ohiko mugetatik behera daudela ohartarazi zuten orain gutxi Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak. Jaitsiera hori Eguberrien ostean ohikoa izaten den arren, aldi berean, neguan behar izaten da odol gehien. Izan ere, neguan izaten da birus eta arnas infekzioen goraldirik handiena eta, beraz, orain behar dute odol gehien.
Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Gaixotasun Infekziosoen Laborategiko arduradun Laura Biritxinagak azaldu zuenez, odola ematea da egunero Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako berrehun pertsona inguru tratatzeko funtsezko osagaiak eta sendagaiak lortzeko "modu bakarra". Odola hainbat osagaitan banatzen dute, eta osagai bakoitza behar mediko ezberdinetarako erabiltzen dute: tratamendu onkologikoetan, ebakuntza kirurgikoetan eta larrialdietan, eta paziente akutuentzako eta kronikoentzako sendagaietan.
30.000 onuradun
2024. urtean 46.844 lagunek eman zuten odola Osakidetzak jarritako gure finko edo ibiltariren batean, eta, denek batera, 79.032 odol emate egin zituzten. Zehaztu dutenez, gehienak ohiko odol emaleak izan ziren, edo jarraikortasun batekin ematen dutenak (urtean bitan edo gehiagotan), baina 6.567 emaile berri izan zirela azpimarratu dute. Zehatz mehatz, Globulu gorrien 70.225 kontzentratu, 11.211 plaketa dosi eta 23.664 litro plasma lortu zituzten. Horietatik 22.096 botikak egiteko erabili zituzten, besteak beste, immunoglobulinak, faktore antihemofiliko albumina eta abar. Osakidetzaren menpeko 23 ospitale publiko eta pribatuetara banatu zituzten Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren bidez.
Osasun sektoreko arduradunek txalotu egin dituzte emale kopuruen datuak, horiek emandako odolak 30.000 pertsonarengan izan baitu eragina, "bizitza salbatu" dielako edo "osasuna hobetzen" lagundu dielako.