Alerta laranja ezarri dute domekarako haizeagatik

Barren 2025ko urt. 24a, 14:46

Barandak eta oharra haizeagatik Azpilgoetarako aldapan, Intxaurbakoitza parean.

Domekarako 120 km/h-tik gorako haize boladak espero dituztela-eta alerta laranja ezarriko du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Gaur eta bihar ere igarriko da haizearen indarra eta abisu horia aktibatu dute.

Gaur dagoeneko 114 kiometro orduko hego-mendebaldeko haize-boladak neurtu dituzte Punta Galean.

Hori dela-eta abisu horia 18:00etatik 09:00etara aurreratu dute gaurko, eta zapatu goizera arte (06:00) egongo da indarrean. Bizkaiko kosta eta barnealdeari, Araba iparraldeari eta Gipuzkoako mendebaldeari eragingo diete abisuok, tartean Mendarori eta Elgoibarri. 

Mendaroko Udalak zenbait neurri hartu ditu eta espero diren haize zakarrengandik babesteko hainbat gomendio ere zabaldu ditu (ikus hemen gomendioak).

Azpilgoetarako aldapan, Intxaurbakoitza parean, zuhaitz adarrak erori izan dira haizeak zakar jo izan duen egunetan, joan zen urrian esate baterako (ikus beheko irudian), eta horren ondorioz inguru horretan tentuz ibiltzeko eskatu du Udalak, eta lekuan ere jarri dituzte oharrak.

Haize bolada gogorrenak domekan

Haizeterik gogorrenak, baina, domekarako espero dituzte, 120 km/h-tik gorako haize boladak egongo direla aurreratu baitu Euskalmetek. 06:00etatik gauerdira arte alerta laranja ezarriko dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako mendebaldean. Haizeguneetan 120 km/h-ko abiadura hartuko du haizeak. Hala ere, arratsaldetik aurrera haizeak indarra galduko du.
Haizegune ez diren tokietan, berriz, abisu horia ezarri dute 80 km/h-tik gorako haize boladengatik, bereziki mendebaldean, eta 90-100 km/h-ko ufadak gainditu daitezke.

Era berean, itsasoan ere igarriko da denboalea, Eusko Jaurlaritzak abisu horia aktibatuko du zapatuan (03:00etatik 15:00etara), 3,5 metroko olatuak espero baitituzte kostaldean.