TOKIKOMek, euskarazko toki komunikabideen sareak, bat egin du fedibertsoa sustatu eta indartu nahi duen erakunde, kolektibo eta pertsonek martxan jarritako Goazen lagunok kanpainarekin, "sare sozial komertzialak gero eta putzu toxikoagoak" ari direlako bilakatzen. Haren hitzetan, "atzetik dauden multinazionalen diru-gosearen ondorioz, desinformazioa hedatzeko, giza talde ahulenei eraso egiteko eta eskuin muturreko mezuak haizatzeko makina erraldoiak" bilakatu dira, eta sare horietan jarraitzeak "albo kalte horien konplize izatea" dakar: "Bada, ez dugu gurpil hori elikatzen jarraitu nahi".
Hiru erabaki hartu ditu, horrenbestez, TOKIKOMek: "Sare sozial komertzialak elikatzeari uzten joatea eta, aldi berean, gure medioetan duten presentzia murriztea; sare sozial irekietan parte hartzea, tkm.eus zerbitzari propioarekin, beste era bateko sare sozialak elikatzen eta indartzen joateko; eta, azkenik, gure jarraitzaile, irakurle eta ikus-entzule guztiak euren sare sozialetako jarduna fedibertsora eraman dezatela animatzea, #goazenlagunok kanpainarekin bat eginez".
Jauzia, proposamentzat
TOKIKOM osatzen duten komunikabideek "gizartearen informazio-dietarekiko kezka eta ardura adierazten du", eta publikoari proposamena luzatu dio: "Guztion onerako, publikoa sare komertzialak utzi eta fedibertsora salto egitera animatzen dugu, horrek epe ertainera guztiontzako mundu hobea egiten lagunduko duelakoan".