Mendaro, Elgoibar, Soraluze, Deba, Itziar eta Mutrikuko berdeguneak egokitu eta edertzea izango da kontratatuko dituzten beharginen zeregin nagusia. Horrekin batera, elementu txikiak eta ondasunak konponduko dituzte, eta baita espazio publikoak eta bideak mantendu eta garbitu ere. Kontratua 6 hilabetekoa izango da (otsailetik abuztura), lanaldiaren %75ean.
Eskatzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte: Soraluzen, Elgoibarren, Mendaron, Deban edo Mutrikun erroldatuta egotea; langabezian egotea eta kalteberatasun-egoeran edo bazterketa-egoeran egotea, besteak beste. Informazio osoa lanbide.eus webgunean.
Lan eskaintza horietarako izena emateko epea urtarrilaren 26an amaituko da. Ekimen honen bidez, landa garapenerako Debemen elkarteak kolektibo kalteberei lan-merkaturako sarbidea errazteaz gain, parte hartzen duten udalerrietako espazio publikoak hobetzen eta mantentzen lagundu nahi du.