%10,55eko langabezia tasarekin itxi du 2024. urtea Debabarrenak, urte hasierakoa baino %0,6 txikiagoa

Barren 2025ko urt. 20a, 10:26

Debabarreneko 2024ko langabezia datuak eman dituzte argitara, eta urtea hasi zenean baino langabe gutxiago zenbatu zituzte eskualdean urte amaieran. 

Gipuzkoako Lan Behategiak emandako datuen arabera, %10,61eko langabezia tasarekin hasi zuen urtea Debabarrenak, eta %10,55eko indiziearekin itxi zuen urtea.  Guztira, 2.729 langabe daude gure eskualdean. 

Herriei erreparatuta, Deba da langabezia tasa txikiena daukan herria; %6,25 (165 langabe) eta tasa altuena, berriz, Soraluzek dauka %13,27 (232 langage), alegia. Eibarrek ere bailarako batezbestekoa baino langabezia tasa handiagoa dauka, %12,42koa eta 1.556 langabe ditu.
Elgoibarrek 501 langaberekin hasi zuen 2024a, eta abenduan berriz, 491 zenbatu zituzten. %9,20 langabezia dauka Elgoibarrek, bailarakoa baino %1,35 txikiagoa. Mendaroren kasuan, datuek okerrera egin zuten urtean zehar. 2024ko urtarrilean 82 langabe zeuden herrian, eta 90 zituen abenduan. %9,11ko langabezia tasa dauka Mendarok.  

Hego Euskal Herriko datuak

EAEko Lanbideren eta Nafarroako Lansarearen enplegu zerbitzu publikoetako bulegoetako datuen arabera, 137.735 pertsona daude lanik gabe Hego Euskal Herrian, eta %9,77koa da langabezia-tasa. Lurraldeka, 707 langabe gutxiago daude Araban, 309 gehiago Bizkaian, bat gutxiago Gipuzkoan, eta 367 gehiago, azkenik, Nafarroan.