Urtebete lehenagoko datuei, 2023ko audientzia datuei, erreparatuz gero, %12 egin dute gora saioek; izan ere, 2023an 449.223 saio egin zituzten webguneko 109.009 erabiltzaileek. Iaz 502.984 saio/bisita egin zituzten 128.983 erabiltzailek.
Bestalde, ikusitako orrialdeei dagokionez, 2024an 1.054.744 izan dira webgunean ikusitako orrialdeak (%14,8ko gorakada); eta hauek izan dira albiste ikusienak Elgoibarren zein Mendaron.
Sare sozialetatik barren.eus atarira eratorritako trafikoari dagokionez, 2024an 117.611 sesio izan ziren sare sozialetatik eratorriak –trafiko guztiaren %23,4–. Facebooketik etorri ziren bisitari gehien: 80.658 (%68,7), Instagrametik 21.878 (%18,6) eta X sare sozialetik 14.929. Edonola ere, sare sozialen gainetik, bilatzaileak izan dira webgunera ailegatzeko trafiko iturri nagusia (233.526, %46,5) eta trafiko zuzena bigarrena (145.327, %28,9).
Nabigazio gailueri erreparatuta, webgunera eginiko bisiten %68,9a mugikorra erabiliz egin zituzten eta %29,5a ordenagailutik.
Erabiltzaileek konfiguratuta daukaten nabigazio-hizkuntzaren berri ere ematen dute datuek, barren.eus-en sartutakoen artean %8,5ak dauka euskara aukeratuta.
Bisita gehien dituzten atalen artean, BARREN aldizkaria PDFan ikusteko aukera, eskelak, agenda eta zorion agurren atala nabarmentzen dira, hurrenez hurren.
Erabiltzaile motak ere zehazten ditu Behategia Analytics tresnak. Horren arabera, noizbehinkako erabiltzaileak dira webgunean sartzen diren gehienak, saio bakarra egiten dutenak, alegia. Erabiltzaile leialek osatzen dute bigarren multzo handiena, 2 eta 5 saio artean egiten dituztenek; eta, zaleak dira hirugarren multzo handiena, sei saio edo gehiago egiten dituztenak, hain zuzen ere.
*Iturria: Behategia