Martitzen goizean etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi Elgoibarrera, Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi taldekoen eskutik. 10:00etan, San Lazaro egoitzara eta eguneko zentrora joango dira Olentzero eta Mari Domingi eta kanturako izena eman duten lagunak. Maalan egin behar zieten herritarrek eta dantzariek ongietorria, baina euria iragarrita dagoela-eta, kalejira bertan behera lagatzea erabaki dute eta Aita Agirren ipini duten karpapean dantzatuko diete agurra Inazio Bereziartua dantza eta musika eskolako ikasleek Olentzerori eta Mari Domingiri, 11:15ean. Dantza saioaren amaieran Kalegoen plazara joango dira eguneko bi protagonistak.
Ordurako, opariak banatzen hasita egongo dira han Elgoibarko Izarraren tonbolan, eta talo-postuan ere lanean ibiliko dira. Plazan Olentzero eta Mari Domingirekin egoteko aukera izango dute haurrek, San Bartolome parrokiako atarira gerturatuta.
Mendaron, ongietorri festa
Mendaron, Ameikutz musika eskolakoek antolatuko dute Olentzero eta Mari Domingiri egingo dioten ongietorri festa. Ohi legez, Moxuaneko atariraino oinez iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi 17:00ak aldera, eta han, Antonio Iriondo Kapainek eta Agustin Lazarobaster Torrek eraikitako traktorera igo, eta herri osoan barrena ibiliko dira, mendaroarrak agurtzen. Antolatzaileek aurreratu dute 18:30ak alderako espero dituztela udaletxeko atarian. Harreran, Ameikutz musika eskolako musikarien, herriko dantzari gazteen eta Mendaroko bertso eskolako ikasleen artean ondutako harrera egingo diete, eta ondoren udaletxeko balkoira igoko dira, herritarrak agurtzera.