Gipuzkoako EH Bilduk prentsa ohar bidez azaldu duenez, Avanza multinazionalak Transportes Pesa erosi zuenetik erabiltzaileak "mugikortasun arazo handiak" izaten ari dira, eta gai honen inguruan Mugikortasun diputatu Azahara Dominguezi galderak egin dizkioten arren, arazoak konpontzen ez direla ikusita, abenduko Batzar Nagusietako osoko bilkuran eztabaidatzeko ekimena erregistratu dute.
Batzar Nagusietako abenduko osoko bilkuran, EH Bilduk proposatuko du Batzar Nagusiek eurek exijitzea Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuari “berehalako neurriak” har ditzala, honakoak:
- "Berehala martxan jar dezala Debagoiena eta Debabarrena eskualdeak Donostia, Bilbo, eta Gasteizekin lotzen dituen garraio zerbitzuaren emakida berritu eta zabaltzeko prozesua; eta, ondorioz, zerbitzua dagokion kalitatezkoa izan dadin, emakida esleitzeko kontratazio prozedura hurrengo urtean amaitua egon dadila.
- Berehala martxan jar dezala lizitazio berri baterako prozedura, autobus flotaren mantenuaren inguruko egoera zuzentzeko: zerbitzua emateko beharrezko autobus kopurura egokitzeko, zein flota erabiltzaileen hazkundeak eta eskariek eskatzen dituzten kalitate eta segurtasun estandarretara egokitzeko.
- Konprometitu dadila bitartekaritza egitera Avanza enpresaren eta langile ordezkarien artean, lan hitzarmena berritzeko akordioa ahalik eta azkarren lor dadin. Modu horretan, Avanzak kudeatzen duen Lurraldebuseko emakidako langileen lan baldintzak hobetu daitezen".
Debagoienako alkateen eskaera
Gai honen inguruan duten iritzia plazaratu dute Debagoiena eskualdeko alkateek, elkarrekin egin duten agerraldian. Foru Aldundiak Avanza enpresarekin duen kontratua amaitzear da, eta ondorioz, Debagoieneko alkateek eskatu dute ez luzatzeko eta "zerbitzuan hobekuntzak" jasoko dituen kontratu berri bat onartzeko. Era berean, azken urteetan autobus zerbitzuaren "erabilerak gora" egin duen arren, "kalitateak nabarmen behera" egin duela salatu dute; horren erakusgarri honakoak aipatu dituzte: autobusen egoera, matxurak, puntualitate eza, jendez lepo doan autobusa hartu ezinik geratzen diren erabiltzaileak… Informazio osoagoa: goiena.eus.
Greba egunak abenduan
Avanza enpresako beharginek abenduan bost greba egun egitea erabaki zuten. Abenduaren 5ean eta 9an izan ziren aurreneko bi greba egunak eta abenduaren 20an, 21ean eta 22an ere grebara joko dute. Ikus HEMEN.