BABESTUTAKO EDUKIA

Elgoibarrek Brunarekin ospatuko ditu Gabonak

BABESTUTAKO EDUKIA 2024ko abe. 9a, 10:52

Ate joka dauzkagu Gabonak, istorioak eta kontakizunak mahai baten bueltan partekatzeko momentuak. Giro horretan, Brunaren abenturak ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu elgoibartar eta inguruko bizilagun guztiak Elgoibarko Udaletik.

Bruna bera etorri zaigu bere istorioa kontatzera, eta oso modu berezian egitea erabaki du gainera. Izan ere, ipuina kontatzeko herriko hamasei erakusleiho erabiliko ditu Brunak. Horretarako, interaktibo bihurtu ditu gure herriko dendarien erakusleihoak, eta haietako bakoitzean jarri duen QR baten bidez emango ditu ezagutzera bere abenturak. Magikoa izango da dena. Eskua erakusleihoko QR gainetik pasa eta ipuinean barneratuko garelako.

Ile kizkur eta gorrixkako neskatoa da Bruna, baina baditu beste ezaugarri batzuk ere, jakina. Neska alaia eta ausarta da Bruna, erronkei heldu eta zailtasunei aurre egiten dakiena, bai eta adiskidetasunari aparteko balioa ematen diona ere. Eguberrietan gure kaleetan ibiliko da esan bezala, eta konta ezin beste abentura biziko ditu gure herrian. Izan nahi al duzu haren ibileren berri? Ez galdu ba aukera! Hurbildu zaitez erakusleihoetara, hantxe izango dituzulako zain Bruna eta bere lagunak.

Hamasei kapitulutan jaso du Brunaren istorioa Jasone Osoro idazleak, eta jantzi du irudiz Judit Piella ilustratzaileak. Brunaren istorioa Elgoibarren bertan dago girotuta, eta beraz, gure udalerriko txoko eder ugari agertuko dira ipuinean. Santa Ana kaleko Idama ile-apaindegian topatuko duzu Bruna bera, eta kontakizuna Araurin hasiko da. Ipuin osoa irakurri edo entzun nahi baduzu, ibilbide bat jarraitu beharko duzu, erakusleihoz erakusleiho, eta lotura honetan duzu MAPA.

Elgoibarko ikur bihurtzeko iritsi da Elgoibarrera Bruna, belaunaldi ezberdinen ikur izateko. Hala adierazi du Maialen Gurrutxaga alkateak: “Magikoa da Bruna, Gabonak bezala, eta ziur nago elgoibartarrek eta bailaratik Elgoibarrera iristen zaizkigun bidaiariek gogo handiz hartuko dutela. Tokiko merkataritzarekin dugun konpromisotik sortu dugu proiektua, gure dendek herriari eta gure ekonomiari egiten dioten ekarpena balioan jartzeko eta eskertzeko. Ilusio handiz jardun gara proiektu honetan lanean merkatariekin elkarlanean eta Eguberrietan denok gonbidatu nahi zaituztegu Elgoibarrera Bruna ezagutzera”.

Jasone Osoro, Judith Piella, Garazi Ayesta eta herriko gazteak

Elgoibarko Udalarena izan da Brunaren ipuina sortzeko ideia, eta artista talde handi baten laguntzarekin gauzatu du proiektua. Jasone Osoro idazle elgoibartarrak sortu du ipuina eta Judit Piella ilustratzaile kataluniarrak eman dio bizia, letretan jasotakoa iruditara eramanda.

Piellak naturarekiko eta artearekiko duen pasioa agerikoa da kontakizuneko ilustrazio bakoitzean. Bruna eta bere lagunei, berriz, Gaztelekuko gazteek jarri diote ahotsa. Narratzailearen ahotsa, berriz, Garazi Ayesta kazetari elgoibartarrarena da. Taldelanaren emaitza da Bruna, beraz.

Hamasei erakusleihotan kontatu du istorioa. Horretarako, erakusleiho bakoitzean maketa bat sortu du Mario Echeverria artistak, mugimendua duena, eta QR kode bat ere jarri du. QR kode horren gainetik eskua pasatu behar du istorioa entzun nahiz irakurri nahi duenak.

Hona hemen ipuineko protagonistek beren buruez egin duten aurkezpena.

BRUNA

Zer esan dezaket nitaz? Gauza mordoa! Hara! Bistakoa bistan da: ile kizkur gorri oparoa daukat! Eta disimulatu ezin dudan irudimena. Egun osoa ematen dut gauza dibertigarriak pentsatzen, leku urrunetan nagoela amesten, ezinezkoak diruditen gauzak egiten ari naizela sinisten… Eta hori guztia ikusi egiten da nire ilearen artetik. Hau da, mundu guztiak daki uneoro zer pentsatzen eta sentitzen dudan.

Zer gehiago… Bada, neska alaia naiz, ausarta, lotsagabe xamarra eta ekintzailea. Agintzea gustatzen zait, erabakiak hartzea, lagunartean egotea, jolastea, nire aittittari bisita egitea. Eta… ba al dakizue zer izan nahi dudan handitan? Orkestra zuzendaria!!!

AIA

Kaixo! Aia deitzen naiz, eta irudimen handia duen marrazkilaria naiz! Bai, bai, ondo irakurri duzu, marrazkilaria naizela esan dut, ez izan nahi dudala. Zoriontsua naiz marrazten, eta horrek indarra ematen dit. Klarionak soinean daramatzat, aukera ematen didatelako nik nahi dudana marrazteko, eta, marrazki horien bidez, nahi duguna gertatzen ari dela sinesteko. Buruan daukaguna marraztea da gauzak errealitate egiteko lehen pausoa. Ez duzula sinesten? Entzun, entzun Brunaren ipuina!

ALAI

Izenak izana ere ematen du askotan, eta nire kasuan halaxe da. Beti nago umoretsu, edozerk egiten dit grazia, batez ere, giro onean nagoenean lagunekin. Batzuetan tristura sartzen zait, baina hula-hoopa gerrian jarri eta berehala pasatzen zait! Egia da lotsati xamarra naizela, eta beti behar dut norbait izatea ondoan, zer egin dezakegun proposatuko duena. Bakoitzak bere izaeraren arabera jokatzen du, ezta? Horri aniztasuna deitzen zaio, eta guztion artean taldea osatzen dugu, bakoitzak bere nortasunarekin. Ei, baina ez pentsatu lotsatia izateagatik ez naizenik inportantea! Bada, gure taldean Bruna da orkestra zuzendaria, eta gainontzeko bakoitzak instrumentu bat jotzen dugu. Gutako bat falta denean, taldearen soinua ezberdina da.

ARA

Iepa! Ara naiz, taldeko abentura zalea. Handitan bidaiaria izango naiz! Mundu osoan zehar bidaiatuko dut, oinez, trenez, bizikletaz, kamioi batean, motorrean, hegazkinean, zepelin batean, edozein modutan! Bitartean, nire lur-globoa aztertzen ari naiz etengabe, bisitatuko ditudan lekuak, herriak eta hiriak non dauden ikasiz. Ez dakizue zenbat herri dauden Lur planetan! Eta zenbat bizitzeko modu ezberdin! Eta zenbat pentsatzeko modu diferente! Ez al da ederra? Munduan bakarrik zaudela pentsatzen duzunean, hartu lur globo bat eta ikusi zeinen zabala den! Bakarrik zaudela? Bai zera!

TELMO

Nire izena Telmo da, eta gaiztakeriak egitea gustatzen zait, jendea bere onetik ateratzea! Eta, batez ere, Bruna zirikatzea atsegin dut. Izan ere, hain da erraza Bruna bere onetik ateratzea! Kar, kar, kar, kar! Jendeak beldurra dit, eta horregatik beti bakarrik nago, baina ez zait batere inporta, munduko onena naiz eta! Ja, ja, ja, ja!

 

Elgoibarko Udaletik azaldu dute proiektuak helburu bikoitza duela: alde batetik, Elgoibarko tokiko merkataritzari balioa ematea, ipuinaren kapituluen erakuslehioak erdiguneako denda ezberdinetan baitaude; eta bestetik, kultura herritarrei modu parte-hartzailean hurbiltzea.

Elgoibarko Udalak konpromisoa hartu du sormena, talde-lana eta inguruenearekiko lotura sustatzen dituzten ekimenen, eta proiektu honen bidez, Elgoibarko Udalak tokiko kultura sustatzeaz gain, hurbileko merkataritza babestearen apustuz egiten du.

Gazta tartaren errezeta

Tok tok!! Azkenik, Brunaren oparitxo bat zuentzat! hain kuttuna den gazta tartaren errezeta! Ikusi nahi duzue zein erreza den egiteko eta zein gozoa ateratzen zaizuen?