933 kultur nobedade ditu eskuragai kulturzaleak Durangoko azokan

Ainara Argoitia 2024ko abe. 5a, 16:14

Gaur zabalduko dute Durangoko Azoka eta domekara bitartean, lau egunez, uzta ederra izango dugu eskuragai bertan kulturzaleok. Gerediaga elkartetik jakinarazi dutenez, aurten 274 erakusmahai jarriko dituzte Landako gunean 153 partaideren artean -iaz baino hamazazpi gehiago-  eta  933 kultur nobedade jarriko dituzte haietan eta 200 ekitaldi inguru programatu dituzte. Egitarau osoa: durangokoazoka.eus/eu/azoka. 

 

Euskararen eta euskarazko kulturaren erakustoki handiena da Durangoko Azoka, baina hori baino gehiago ere bada. Izan ere, urteroko topaleku bihurtu da milaka kultur kontsumitzaile eta sortzailerentzat, bai eta azokaren bueltan sortu den jaira batu ohi diren gainerako bisitarientzat ere. Eta, aurten, haiengan erreparatu nahi izan dute antolatzaileek, kultur sisteman katebegi oso inportantea direlako. "Haiek ematen diote egonkortasuna kultur sistemari. Aitortzarekin batera deia egiten diegu Durangoko Azokara etor daitezen", esan zuen horren harira aurkezpenean Beñat Gaztelurrutia Azokako koordinatzaileak. 735.000 euroko aurrekontua du aurten azokak, eta eskaintza oparoa du. 933 nobedade izango dira ikusi eta erosteko: 639 liburu, musikari lotutako 216 lan, 47 aldizkari eta bestelako 31 argitalpen, eta tartean elgoibartarren eta mendaroarren lanak ere topatuko ditugu, izan liburu edo disko artean, edo izan Azokaren gune ezberdinetan egingo diren bestelako ekintzetan. Nobedadeetan aurkeztu dituzte honako hauek, baina izango dira azokan gure bi herrietako sortzaileen lan gehiago ere.

  • Uxue Alberdiren Hetero lana. Bihar, abenduaren 6an aurkeztuko du Alberdik berak liburua azokan, 12:00etatik 12:30era, Ahotsenean.
  • Danele Sarriugarteren bi itzulpen (Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza eta Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat).Mckenzie Warken Love and money, sex and death liburuaren itzulpena da lehenengoa, eta azokan izango da Wark bera ere.  Gaur, hilak 5, zuzenean elkarrizketatuko dute Danele Sarriugartek eta Jokin Azpiazuk, Durangoko museoan. Badabalek antolatu du solasaldia, eta elkarrizketa ondorenerako mahai-inguru bat ere lotu dute, Izar Mendiguren, Sugoi Etxarri eta Ibai Atutxarekin. 
  • Alguillo & Alkimistak taldearen Burua makurtu gabe diskoa
  • Txoteko Ezpata taldearen Ilunpean jai duzu

Ekitaldietan honako hauek nabarmendu behar dira Uxue Alberdiren liburu aurkezpenaz eta Danele Sarriugartek eta Jokin Azpiazuk gaur Mackenzie Warki egitekoa dioten elkarrizketaz gain. 

  • 'Popperra, afterra,  utopia. Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileak (Elgoibar, 1989) eta Miren Narbaiza musikariak (Eibar, 1986)  hitza eta musika uztartzen dituen Popperra, afterra, utopia aurkeztuko dute Plateruena kultur aterpean, abenduaren 5ean. Bi saio izango dira: 10:30ean eta 12:30ean. Sarriugartek etorkizunaren inguruan iaz Loraldirako idatzi zuen testua irakurriko du, hiru zatitan, eta irakurketan bertan zein etenaldietan soinu-giroak sortuko ditu Narbaizak. Etorkizuna, dolua, dantza, popperra, afterra, irudimena, lagunak... moduko gaiak azalduko dira emanaldian, gazteen barruak inarrosiko dituztenak. Testua idazteko, Bollurria egitasmoa, Baiucaren Mangueiro abestia eta Jose Esteban Muñozen Utopia queer, Sonia Fernandezen Edit eta Leo Feliperen Historia universal del after liburuak izan ziren Sarriugarteren erreferentzia nagusiak, eta soinua sortzeko orduan, regetoia, musika elektronikoa eta boleroa izan ditu inspirazio-iturri Narbaizak. 
  • Hor konpon eta Dena asmatuta dago ikus-entzunezkoak: Jone Arriolak (Elgoibar, 1998) zuzendutako film laburrak dira Hor Konpon eta Dena asmatuta dago, abenduaren 6an Irudienean ikusi ahal izango direnak: 13:00etan proiektatuko dute Hor Konpon, eta 16:30ean, Dena asmatuta dago. Bartzelonan grabatu zuen Hor Konpon eta Rita eta Berta izeneko bi lapurren gorabeherak kontatzen ditu. Egunerokotasunean topatzen ez duten adrenalinaren bila bazterrak nahastuko dituzte bi lapurrek. Dena asmatuta dago lanean, berriz, gazteen komunikatzeko modua eta pertsonen arteko harremanak egiteko modua jorratzen ditu Arriolak.  

Liburu aurkezpenak, Pitxintxun, abenduaren 17an

Astelehenetik aurrera, Durangoko azoka Euskal Herri osoko liburu dendetara zabalduko da. Izan ere, 2024an aurkeztutako nobedadeak eskuratzeko aukera ematen die Azokak lurraldeko denda guzti-guztiei. Euskal kultur-kontsumoa zein zaletasuna sustatzeko kanpainara batutako liburu dendek azokako bereizgarri bat eta nobedade sorta bat jasotzen dute beren erakusleihoetan jartzeko, eta kanpaina horrekin bat egin dute Elgoibarko Pitxintxu opari eta liburu dendak eta Mendaroko Morroskillok.  Horren barruan, eta abenduaren 17rako, bi liburu-aurkezpen iragarri ditu Pintxitxuk. Hetero aurkeztuko du Uxue Alberdik, eta Pleibak Miren Amurizak. 19:00etan hasiko da.