Familientzako eguna izan zen zapatuan Makina-Erremintaren Museoan

Barren 2024ko abe. 4a, 15:47

Makina-Erremintaten Museoa 25. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta zapatuan herritarrei zabaldu zizkieten ateak, eta museoa bisitatzeko aukera izan zuten etxeko txikienek ere. 

Maroto Bambinomonkey diseinatzaileak azaldu zuen museoko logotipoa nola sortu zuen: Maki eta Oli ageri dira museoko irudian, engranaje baten barruan. Lehenengo iruditik azken emaitza lortu arteko pausoak erakutsi zizkien han bildutakoei, eta zuzeneko marrazketa erakustaldia ere egin zuen. Museoko arduradunek  ikastetxeetatik bisita egiten dieten ikasle gazteei eskatu zieten euren maskotentzat izenak proposatzeko eta Maki eta Oli izan ziren aukeratu zituzten izenak.

Ekitaldiari amaiera Niala magoak eman zion. Ume zein gurasoak aho zabalik laga zituen mago elgoibartarrak.

25. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan antolatu zuten ateak irekitzeko jardunaldia. Aurrez, joan den eguenan, urteurreneko ospakizun ofiziala egin zuten museoan bertan.