Eibarren udalbatzaren osoko bilkura dute bihar, eta amaieran herritarrek galderak egiteko duten tartea baliatuko dute plaformakideek, udal ordezkariei euren eskaeren berri emateko.
Etxegabeez Bertol Brechtek 1931n idatzi eta 1989an Mikel Laboak Gaberako aterpea abestian musikatu zituen bertsoak gogora ekarriz hasi zuten aurkezpena, salatzeko etxegabetasuna konpondu gabe dagoen arazoa dela gure gizartean. Eta hain justu ere, arazo horri aurre egiteko batu dituzte indarrak plataforman justizia sozialarekin eta elkartasunarekin konprometitutako askotariko lagunek, etxegabe bakar batek ere ez dezan kalean lo egin beharrik izan. Helburu horrekin bat datozen guztiei plataformara batzeko deia ere egin diete. Eibarren sortu dute plataforma, baina eskualde guztira zabaltzeko asmoz.
Plataformaren izenean ageri den END horrek esanahi bikoitza duela azaldu zuten aurkezpenean. Batetik, aurtengo udaberrian ixtea erabaki zuten Eibarko Neguko Dispositiboaren siglek osatzen duten berba da, hain zuzen ere arrazoi horrexek bultzatu dituelako plataforma sortzera, eta, bestetik, ingelesez, amaiera esan nahi du ENDek, eta ondo islatzen du plataformaren helburu nagusia. Nolanahi ere, argi utzi dute beren helburua ez dela aterpetxea negurako zabaltzea eskatzea, baizik eta urte osoan zabalduta mantentzea. Lau helburu zehaztu dituzte:
- Gizarte zerbitzuen zorroan aipatzen den aterpetxe zerbitzua zabaltzea.
- Eibarko herrian kale egoeran dauden pertsonentzat zerbitzua urte osorako zabaltzea.
- Etxegabeei oinarrizko mantenua, higienea eta lotarako segurtasuna falta ez izatea.
- Gizarte zerbitzuetan kale egoeran dauden pertsonak artatzea, errolda baldintza izan gabe
Eskaera guzti horiek justizia sozialaren izenean eta elkartasunetik egiten dituztela zehaztu dute platormakideek, eta ez karitatetik eta paternalismotik. Etxerik gabeko pertsonak "euren bizitzaren jabe eta protagonista" direla zehaztuta. Eta aldi berean, garbi utzu nahi izan dute plataformara batu direnak askotariko lagunak direla eta plataforma ez dagoela alderdi politikoei lerratua.
Eibarko Negu Dispositiboan hiru urtez eman duten zerbitzuaren inguruko datuak
Datuak ere eman zituzten, azken hiru neguetan Eibarren martxan egon den dispositiboan ematen zuten zerbitzuaren garrantzia ikustarazteko: Lehenengo urtean, Eibarko Udalak kudeatu zuen zerbitzua eta 2021eko abenduaren 1etik 2022ko apirilaren 15era eman zuten zerbitzua. Tarte horretan, 101 pertsona hartu zituzten bertan, batez beste 13 pertsona egunero, eta egonaldi ertain/luzeko hiru plaza zabaldu zituzten. Bigarren urtean, 2022ko urriaren 15etik apirilaren 15era eman zuten zerbitzua, Arrats elkarteak kudeatu zuen eta 149 pertsona atenditu zituzten, batez beste 17 pertsona egunero. Egonaldi ertain/luzeko sei plaza izan zituzten. Eta joan zen neguan, Arrats elkarteak kudeatuta, 188 pertsona atenditu zituzten eta egonaldi ertain/luzeko hamaika plaza izan zituzten aterpetxean.
∞Lotura duten albisteak:
- Azken negua Karmelitetako aterpearentzat (2023-12-14)
- Debabarreneko Neguko aterpeak ehun lagun inguru hartu ditu (2022-05-19)
- Debabarreneko neguko aterpetxea, etxegabeentzako aterpea (2022-01-31)
- Zabalik dago etxerik gabeko pertsonentzako eskualdeko neguko aterpetxea (2021-12-02)
- Etxerik gabekoentzako neguko ostatu zerbitzua jarriko dute martxan Debabarrenako Udalek (2021-10-28)