Neguko aterpetxeak 14 pertsonarentzako lekua du, eta ohea eta norberaren garbitasuna egiteko tokia eskainiko ditu eguraldi txarreko egunetan. Lokalak egokituta daude dagoeneko eta hezitzaileak ere prest daude etxerik gabeko pertsonen jarraipena eta akonpainamendua egiteko. Egitasmoaren sustatzaileek zehaztu dutenez, inolaz ere ez da epe luzerako aterpe bat, baizik eta aldi baterakoa, eta etxerik gabekoek egun jakinetan erabili ahal izango dute.
Eibarko Udalak karmeldarrekin instalazioak doan lagatzeko akordio bat lortu ostean, bertan neguko aterpe zerbitzua emateko asmoak eskualdeko udalen onespena jaso zuen. Hori eta gero, beharrezkoak diren beharginak kontratatu zituzten, eta azken asteotan sinatu da Eibar, Elgoibar, Deba, Mutriku, Soraluze eta Mendaroko herrietarako zerbitzua martxan jartzea ahalbidetuko duen hitzarmena. Akordioa da instalazioak urtebetez lagatzea.
Eibarko alkate Jon Iraolak esan du akordio hori lortu izana “oso albiste ona dela Eibarrentzat eta eskualdearentzat” eta aukera emango duela "eskualdean zegoen eskari bati erantzuna emateko". Horren harira, alkateak zera adierazi du: “orain arte Udalak behar horri beste bitarteko batzuekin erantzuten zien, baina hemendik aurrera eraikin honek erantzun integral bat emango dio eskualdean dagoen eskari bati”.
∞Lotura duten albisteak: