Tokikom Sariak 2024

Banatu dituzte Tokikom Sariak

Erredakzioa 2024ko aza. 22a, 18:00

Gaur goizean, Tokikom Sariak banatu dituzte Artikan (Nafarroa). Lau sari banatu ditu aurtengoan tokiko hedabideen bateraguneak: eduki onenarena Gukak jaso du, azal onenarena Guaixek, ikus-entzunezko onenarena Antxeta irratian eta Nafarroa saria Pulunpek. Sariez gain, euskarazko toki komunikabideen erronkak aztertzeko eta gogoetak partekatzeko abagunea izan dute hainbat adituren laguntzaz. Ikus ekitaldiaren kronika GiTBren bideoan.

Tokikom Sarien zortzigarren edizioak tokiko hedabideetako dozenaka lankide batu ditu gaur Artikako Maria de Maeztu kultur etxean (Nafarroa). Bertan, tokiko komunikabideen urteko lanik onenak saritu  eta sektoreak dituen erronkei buruzko gogoetak zein esperientziak partekatzeko aukera izan dute. 

Erankundeak bidelagun

Iban Aranzabal Tokikomeko lehendakariaren ongietorri hitzen ostean, erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza. Nafarroako Gobernuaren izenean, Jabier Arakama Euskarabideako zuzendariak tokiko hedabideek komunitatea eratzeko duten gaitasuna nabarmendu du: “Jendartea euskararen inguruan sentsibilizatzen laguntzen duzue”. Halaber, Euskarabideak tokiko hedabideekin duen atxikimendua ere azpimarratu nahi izan du.

Haren ostean, Jokin Azkue HABEko zuzendariak hitz egin du, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren izenean. Tokiko hedabideak berrindartzeko beharra azpimarratu du, mundu mailan ematen ari diren aldaketen aurrean: “Kontsumoan ere aldaketak ematen ari dira, eta horren adibide dira sare sozialak. Oinarrian, baina, hedabideen kalitatea dago, eta horiek gabe ezin da kontsumoa sustatu”. Eusko Jaurlaritzak “bidelagun” izan nahi duela esan du, eta lankidetzarako luzatu die eskua tokiko hedabideei.

Sariak azalik, edukirik eta ikusentzunezkorik onenei

Hitzartzeen ostean, 2024ko Tokikom Sariak banatzeari ekin diote. Kategoriaz kategoria banatu dituzte hiru sari Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatu duen ekitaldian. Azal onenaren saria Sakanako Guaixe aldizkariarentzako izan da, 'Matxismoa ari du' goiburu duen aldizkariaren azalarekin.

Edukirik Onenaren Saria Azpeitia Gukarentzat izan da. Maialen Etxaniz kazetariak aldizkariaren maiatzeko zenbakirako 'Gelditu dira inprentaren makinak' izenburupean egindako erreportajea nabarmendu du epaimahaiak. 

Ikusentzunezko Onenaren Saria, berriz, Antxeta irratiarentzat izan da, 'Uhin inklusiboak' lana tarteko. Ikus-entzunezko eduki sorta hori jendarte eredu anitzagoaren eta inklusiboagoaren aldekoa dela esan du epaimahaiak. 

Azkenik, aurten, sari berezi bat ere banatu du toki komunikabideen bateraguneak. Hain zuzen, ekitaldia Nafarroan egin denez, eta Nafarroako Laboral Kutxaren babesletzari esker, Nafarroa Saria eman dute. Lurralde horretako kultur ondarea ondoen islatzen, aniztasuna ondoen transmititzen eta Nafarroaren irudia eta atxikimendua ondoen sustatzen duen edukiari eman diote saria. Ultzamaldeko Pulunpe komunikazio taldeak argitaratutako 'Dialeko azkenak' ikus-entzunezko lanari eman diote Nafarroa Saria. Epaimahaiak Pulunpek argitaratutako lana azpimarratu du, “oso ondo” jasotzen duelako garai batean Nafarroako toki askotan pil-pilean zegoen euskarafobia. 

Gogoeta hainbat hizlariren laguntzaz

Behin sari banaketa ekitaldia bukatuta, euskarazko toki komunikabideen erronkak aztertzeko eta esperientziak zein gogoetak partekatzeko aukera izan dute Artikan bildu diren profesionalek. Horretarako bidea eman diete Jon Sarasua Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzaileak, Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideek eta Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak, hitzaldi banarekin.

Sarasua izan da hitza hartzen aurrena, eta 4.2: EHM Estrategia izenburupean, Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren baitan egiten ari diren lanketan hedabideei aitortzen dieten izaera estrategikoa landu du. Izan ere, datozen 25 urteetan euskarak egin behar duen bidean estrategikotzat jotzen dituzte tokiko hedabideak, euskarak, eskala gehienetan ez bezala, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera daukala iritzita. Eta ildo horretan, eskualdeetako hedabide multimedien estrategia izendatu dutenaren ardatzak zeintzuk diren azaldu du. “Orain arte egin duguna egitea ez dugu nahikoa izango; 80ko hamarkadan ETBren aldeko apustu garbia egin zen, baina aurrera begira, euskal hedabidegintzan matrize aldaketa behar dugu, dena askoz gehiago fragmentatuta dagoelako”. Eskualde mailako komunikazioan euskarazko hedabide taldeek lidergoa har dezaketela esan du, “lidergo garbia eskualde euskaldunetan, eta lidergo esanguratsua ez horren euskaldunetan”. Ildo horretan, Goiena komunikabidea jarri du eskualde mailan lidergoa eskuratu duen hedabide baten adibide gisa.

Sarasuak nabarmendu duen ideiaren ildotik, gauzak berdin egiten jarraitzea aukera bat ez dela adierazi dute AEK-ko Etxezarretak eta Gartziak ere euren hitzartzean. Aurki 50 urte beteko ditu AEK-k, eta urteotan guztiotan, garaian garaiko testuingurura egokitu ahal izateko ezinbestekoa izan dute etengabeko eraldaketa, "batasuna" eta "koordinazioa". Gaur egun, AEK-k 97 euskaltegi eta 41 ikasgu (eskualde mailako unitate) ditu Euskal Herri guztian, ia 600 langile-bazkide. “Gabeziei erantzuteko gai izango den funtzionamendua eta organigrama onartuta, horiek indarrean sartzeko lanean ari gara. Horiek erabakitzeko bidean, funtsezkoak izan dira bazkideen parte hartzea eta bakoitzak bere roletik egin duen ekarpena, eta erresistentziak egon diren arren, horiek ere aberastu egin dute prozesua”.

Azkenik, elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak, 'elDiario.es: un periódico con socias y socios' hitzaldian, euren hedabidearen ereduaz jardun du, nabarmenduz 95.000 bazkideren sostengua izateak kazetaritza independentea egitea ahalbidetzen diela. Bazkideak proiektuaren protagonistak direla esan du, haiek direla proiektuaren erdigunean daudenak, eta haiei esker independentzia editoriala blindatzen dutela botere politikoaren, enpresarialaren eta ekonomikoaren presioen aurrean. Herritarrak erakartzeko estrategiez eta haien atxikimendua lortzeko gakoez jardun du Argelinak, eta baita bazkideei modu esklusiboan eskaintzen dizkieten produktuez zein zerbitzuez ere. “Bazkideak asko zaintzen ditugu, xehetasunak ere bai, eta hori asko baliosten duten zerbait da. Gauzak etengabe hobetzen saiatzen gara, eta horretaz jabetu egiten dira eta eskertu egiten digute”.