Hasi da Errigoraren udazkeneko kanpaina

Barren 2024ko urr. 29a, 12:37

Saski beltza osatzen duten produktuak. ERRIGORA.

Urriaren 24tik azaroaren 14ra arte iraungo du Errigoraren udazkeneko kanpainak. Nafarroa erdiko eta hegoaldeko produktuz osatutako hiru saski eskainiko dituzte eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzara bideratuko dute.

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Saskiak eta kartak eskatzeko errigora.eus webgunean sartu behar da.
 
  'Agerreko uzta euskarari puzka' izena dauka martxan dagoen elkartasun kanpaina berriak. Joan den urriaren 23an aurkeztu zuten Bilbon. Euskarak dituen beharrei “inoiz baino indartsuago” ekitea ezinbestekoa dela esan zuten Errigorako ordezkariek Bizkaiko hiriburuan eginiko agerraldian. Hori dela eta, euskalgintza bitartekoz hornitzeko Nafarroa erdi eta hegoaldeko produktuez osatutako saskiak eskuratzeko aukera eskeini dute berriro ere. Saskien balioaren %25 euskara sustatzeaz arduratzen diren eragileetara bideratuko dute: AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia.
  Euskara libreki hedatzearen beharra dagoela adierazi zuen aurkezpenean Errigorako kide Haizea Lizarbek, eta euskarari “merezi duen tokia” emateko lanean jarraitzeko asmoa dutela. Jose Angel Iribar, Athletic-eko jokalari historiko eta euskalzaleak adierazi zuen elkartasunez erantzun behar zaiola euskarak dituen beharrei. Ildo horretan aurkeztu zuten kanpaina. 

Bilbon aurkeztu zuten Errigoraren udazkeneko kanpaina, urriaren 23an. Arg: Errigora.

Saski gorria, berrikuntza

 Aurreko urteetan bezala, herritarrek saski beltza eta saski berdea –ekologikoa– izango dituzte aukeran. Aurten, baina, beste saski bat ere jarriko dute salgai: saski gorria. Besteak beste, hainbat ardo mota, patxarana, zainzuriak, ardi gazta eta polboroiak izango ditu. 
  Honenbestez, aurtengo Euskarari Puzka kanpainan hiru saski eskuratzeko aukera izango da. Saski beltza, 55 eurokoa, zonaldeko produktu konbentzionalez osatua; saski berdea, 65 eurokoa, produktu tipikoak eta "berritzaileagoez" betea, denak ekologikoak; eta berrikuntza, saski gorria, 75 eurokoa, eguberriekin lotura duten produktu bereziagoekin betea. 

Saski gorria, 75 eurokoa, eguberriekin lotura duten produktu bereziagoekin betea