Goizeko hamaiketan abiatu zen manifestazioa Belodromo paretik, baina ordubete aurretik jendea hasia zen pilatzen Anoeta inguruan. Elgoibarko Lagun Taldekoek eta Mendaroko Txirrindulari Elkartekoek ere belodromo atarian elkartzeko deia egia zieten beren klubetako zaleei, eta hantxe ziren dozenatik gora lagun, beren taldeetako mailotak jantzita. Konponbidea. Txirrindularitzaren Eskubideen alde pankarta zabaldu zuten Gipuzkoako Federazioko kideek eta hainbat txirrindularitza elkartetako ordezkariek 11:00ak puntuan Santi tabernaren pare horretan eta haien atzetik abiatu ziren denak, tartean txirrindulari gazte asko, gaur gaurkoz Gipuzkoan lasterketarik jokatu ezinda daudenak. Pankartaren atzetik oinezkoak irten ziren lehenengo, manifestaziora bizikletaz inguratu zirenak gero, eta atzetik, lotura motoetakoak eta klubetako autoak. Gipuzkoako trafikoko arduradunek jartzen dizkieten oztopoak salatu zituzten eta konponbidea eskatu. Uztailean dimisioa eman zuen Gipuzkoako Federazioko zuzendaritzak egin zuen manifestatzeko deia eta Euskal Herri osoko taldeetako ordezkariak batu ziren manifestaziora, bai eta kanpotik etorritako hainbat txirrindulari ere, arazo larrienak Gipuzkoan dauden arren. Gipuzkoan antolatzen dira lasterketa gehien, eta arazo handienak ere hemen dituzte klubek lasterketak antolatzeko, bereziki Ertzaintzari eman zaion erabaki ahalmenagatik, baina, soka tenkatuz gero, gaur Gipuzkoan dituzten arazoak gainerako lurraldeetara ere zabaldu daitezkeela ohartarazi zuen Osorok. Horregatik txirrindularitza eta kirola gustuko dituzten guztien babesa eskatu zuten atzorako, eta erantzun zuten herritarrek.
Bulebarrean, Santi Osorok hartu zuen hitza, uztailean dimisioa eman zuten arte Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidentea izan denak. Osorok txirrindularitzaren balioak zerrendatu zituen eta txirrindulari gazteek eta klubetan musutruk ari diren boluntarioek egiten duten lana nabarmendu. Ondo egindako lanari nazioartean egiten dioten aitortza Euskal Herriko agintariek ez egitea tamalgarria dela esan zuen, eta nabarmendu oinarrizko txirrindularitzarik gabe ez dagoela eliteko txirrindularitzarik. "Kirol honi esker, nazioartean herri bat gara eta ez daukagu aurkeztu beharrik", esan zuen.
Oraingoz, 2025eko egutegia airean dagoela esan zuen Osorok, baina itxaropenerako mezu neurtua ere zabaldu zuen. Esan zuen joan zen eguenean bilera izan zutela Jaurlaritzan, eta "hitz politetatik" ekintzetara salto egiteko aukera ikusi zutela, baina azpimarratu zuen gauzak guztiz argitu arte eta behar diren pausoak eman direla ziurtatu arte ez dela denboraldirik hasiko, "lehen ere hitz politak entzunak ditugulako, baina gero arazo berdinekin topo egin dugulako beti".