Eskualdeko pentsiodunek nagusien oinarrizko eskubideak bete daitezela eskatu dute manifestazioan

Barren 2024ko urr. 3a, 11:28

Manifestariak Eibarko kaleetan barrena. Arg: ...eta Kitto!

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako mobilizaziorako deiarekin bat egin zuen Debabarreneko Pentsionisten Taldeak eta manifestazioa egin zuten astelehenean Eibarko kaleetan.

Urriaren 1ean ospatzen da Adinekoen Nazioarteko Eguna, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 30a, astelehena, aukeratu zuen euren aldarrikapenak plazaratzeko, eta “adinekook pairatzen ditugun arazoak salatzeko”. 
Berrehun bat lagun batu ziren eta eguerdian irten ziren Untzagatik, nagusien kolektiboarentzat eskatzen dituzten oinarrizko eskubideak eta pentsiodunen aldarrikapen nagusiak ozen esateko, eta ondoren Untzaga plazan amaitu zuten mobilizazioa, Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira Gipuzkoako Pentsiodunek egindako idatzia irakurrita.

Manifestazioko argazki gehiago eta bideoa etakitto.eus-en 

Ildo beretik, Elgoibarko Pentsiodunen Mugimenduak eta Duintasunak urriaren 7an, astelehenean, berrekingo diote pentsiodunen eta herritarren oinarrizko eskubideen aldeko mobilizazioei, Kalegoen plazan egingo duten ekitaldiarekin.