Zulaika-Arrieta familiaren historia ehuntzen ari dira Argentinara erbesteratuen ondorengoak

Barren 2024ko ira. 27a, 17:55

Mendaron Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolariaren jaiotzaren 150. urtemuga ospatzen ari diren urtean jakin dugu Elgoibarren ere izan zirela sasoi hartan izena hartu zuten bertsolariak, Manuel Andres eta Lorenzo Zulaika aita-semeak, esaterako. Haien inguruko biografia labur bana eta bertso-sorta batzuk jasota ditu Antonio Zabala idazleak Auspoa bildumako 83. liburuan, eta uztailean, zulaikatar haien ondorengoak izan genituen Elgoibarren, Argentinatik sustraien bila etorrita: Veronica Lucia Zulaika Urdanpilleta eta haren alaba Manuela Marques-Monteiro Zulaika. Cañuelaseko (Buenos Aires, Argentina) euskal etxeko lehendakaria izan da 2017tik oraintsu arte Veronica Lucia, eta familiaren historia ehuntzen ari da, hariz hari.

Manuel Andres eta Lorenzo Zulaika aita-seme bertsolarien odolekoa da Veronica Lucia Zulaika Urdanpilleta (Cañuelas, Buenos Aires, 1968). Birraitona zuen Manuel Andres eta osaba zaharra -tio abuelo- Lorenzo, aitona Jose Domingoren anaia. Argentinan bizi da, baina uztailean Elgoibarren izan zen alabarekin, aitona zuenaren historia osatu nahian, eta harekin elkartzeko bidea egin zigun Pello Arrieta historialari elgoibartarrak. Pello Arrietaren eskutik ezagutu zituzten Elgoibar eta inguruak, bai eta ahaide izan zituztenen jaiotetxeak ere. Elkarrizketarako batu ginen egunean, esaterako, Zulaika-Arrietatarrak bizi izan ziren Ontzegon (Untzon) baserrian, Veronicaren amona Maria Arrieta jaio zen Sallobenteko Garagartza baserrian, eta aitonaren jaiotetxean, Itziarko Lizarraran baserrian, izan ziren bisitan.
 Erbestera emigratu zuten haien ondorengoen historia da Veronicarena, noizbait beren ahaideek egin zuten bidearen besterakoa egin duenarena, euskal sustraien bila. 2000. urtean etorri zen estreinakoz Euskal Herrira, senarrarekin eta bi lagunekin. Frantziatik Portugal alderako bidean egun erdiko geldialdia egin zuten Elgoibarren, aitona Jose Domingo Argentinara zein etxetatik partitu zen ikusteko. Osaba batek [German Zulaika] 1977an hona egindako bidaiatik zekien Veronicak aitona Jose Domingoren arreba gazteena, Leonor Zulaika, San Lazaro egoitzan hil zela 1984an, eta haraxe jo zuen laguntza eske. Maite Izagirre erizainarekin jarri zuten han harremanetan eta hark eman zizkion lehenengo argibideak. Atarira irtenda erakutsi zien Zulaika-Arrietatarrak bizi izan ziren Malaga etxea zegoen orube hutsa [Ermuaranbide kaleko lehenengo eraikinean, Orense taberna zegoen lekuan, gerora Errezabal taberna zabaldu zuten lekuan], eta berak jarri zituen harremanetan Juanito Arrieta elgoibartarrarekin, Pelloren aitarekin. Hunkitu egin da Veronica oroitze hutsarekin. "Telefonoz deitu zioten eta berehala batu ginen. Argentinan halako zerbait pentsaezina da". Juanito Arrietak harreman estua izan zuen Jose Domingoren anaia Manuelekin eta haren ahotik jakin zuen Veronicak, Leonorrez gain, Jose Domingoren beste arreba bat ere, Joxepa, San Lazaro egoitzan bizi eta hil zela.
 Ordurako Pello Arrieta hasita zegoen Elgoibar, modernitatearen atarian (1870-1910). Euskal jaiak (1907) liburua idazteko dokumentazio lanetan; hasia zen, besteak beste, Manuel Andres eta Lorenzo Zulaika aita-seme bertsolarien inguruko berri jasotzen, eta halaxe ekin zioten historia honetako harimuturrak lotzeari. Geroztik harreman polita egin dute Pellok eta Zulaika-Urdanpilletatarrek, eta Veronicak Euskal Herrira egin dituen azken bi bidaietan Pello izan dute gidari. 2009ko bidaian, esaterako, Veronicaren birraitona Manuel Andres Zulaikaren jaiotetxea bisitatu zuten Getariako Azkixu auzoan: Agote-txiki. Hantxe sortu zen Zulaika bertsolaria (1958-1926). Getariarrak zituen gurasoak: Miguel Zulaika eta Bentura Aristondo, baina Getarian baino denbora gehiago egin zuen Elgoibarren Manuel Andresek. Sallobenteko Garagartza baserriko alaba Maria Arrietarekin ezkondu zen eta Sallobente auzoko Ontzegon (Untzon) baserrian jarri ziren bizitzen, kalera jaitsi aurretik. Hain justu ere, baserri izen horixe hartu zuen ezizentzat: Untzon.

Bederatzi seme-alaba izan zituzten Manuel Andresek eta Mariak: Maria Pilar (1882), Luziano (1886), Juan Julian (1889), Veronicaren aitona zen Jose Domingo (1891), Lorentzo (1895), Klaudia (1895), Joxepa (1898), Manuel Kaietano (1899) eta Leonor (1903), eta bosgarrenak, Lorenzok, aitaren bertsotarako zaletasun bera ekarri zuen. Lorenzoren bidez iritsi zaizkigu aita zuenaren sei bat bertso ere, Antonio Zabalak jasota dituenak. Lagunartean aritzen zen bertsotan Manuel Untzon, taberna giroan, eta haren bidetik zaletu zen semea ere. Ontzegon baserritik kalera noiz aldatu ziren jakin ez arren, Manuel eta Mariaren seme-alabak, bi ez beste guztiak, Errosarioko Gizonenianean jaio zirela uste da. Beste biak, berriz, bata, Getarian, Klaudia, eta bestea, Jose Domingo, Itziarko Lizarraranen.

Argentinara, soldaduskatik ihesi

Azkeneko bidaia honetan izan dute Jose Domingo aitonaren jaiotetxea bisitatzeko aukera Veronicak-eta. "Ez dakigu arrazoia, baina gure aitona Itziarren jaio zela jakin dugu, nahiz eta bat ez beste neba-arreba guztiak Elgoibarren jaio ziren, ordurako Elgoibarren bizi zirelako. Uste dugu propio joan zela gure birramona Lizarraran baserrira erditzera, behar baino aurretik zetorkiolako haurra. Ume goiztiarra izan zen gure aitona, zazpikia".
 Hari asko daude historia honetan lotzeko oraindik, baina gauza jakina da, esaterako, 1911. urtean partitu zela Jose Domingo Zulaika Elgoibartik Buenos Airesera, soldaduskatik ihesi. 20 urte zituen. Veronicak kontatu du arreba gazteenak bakarrik ikusi zuela Elgoibartik irteten, ez baitzen etxekoez agurtu. "Euskaldun gazteak soldaduskara joaten hasi zirenetik gutxira, Espainiako estatuak hainbat gerra kolonialetan parte hartu zuen (Kuba, Filipinak, Maroko) eta gerra horietara soldaduak ez ezik, erreserbistak ere deitzen zituzten. Txirristaka bertsolariari Kubako gerrara joatea egokitu zitzaion modu berean, Jose Domingori Afrikako gerrara joatea tokatuko zitzaion ziurrenik, eta alde egin zuen", zehaztu du Pello Arrietak. Buenos Aires hiriburutik Mar de Plata bidean erdibidean dagoen Pila herrira iritsi zen Zulaika, 1911n, eta bera baino bi urte zaharragoa zen eibartar batekin ezkondu zen 1918an, Josefa Berazarekin. Bikotea Pilatik Chascomusera aldatu zirenean, jaio ziren beren lehenengo bi semeak: German (1919) eta Luis Orlando (1920), Veronicaren aita. Hiru alaba izan zituzten geroago, Altamiranora aldatu zirenean: Irene, Pilar eta Karmen.
 
 Argentinara migratu zuten beste euskal herritar gehienen antzera, esnea saltzetik atera zuen bizimodua Jose Domingok. "Tambero esaten zitzaien. Behiak jeitzi eta esnea saltzen zuten. Ingelesen tren batean bidaltzen zuten esne hori Buenos Aireseko enpresetara, eta hilean behin hara joan behar izaten ziren, jornala kobratzera, leku berera denak. Kobratu ostean Euskaldunen Hotela esaten zioten lekura joaten ziren. Gure aitona saiatu zen kooperatibaren bat sortzen ere beste tambero batzuekin, baina ez zitzaion ondo irten. Ordurako hogei bat urte zeramatzan tambero lanetan, baina sekula dirurik egin gabe". Jornala kobratzera Buenos Airesera egindako ostera batean Veronicaren beste aitona izango zena ezagutu zuen, Antonio Maria Urdanpilleta, eta hark hobeto irabazten zela esanda, Cañuelasera joan zen gero lanera, Ramon Etxebertz euskal herritarraren esnetegira. Etxebertz familiakoak etxe onekoak ziren, eta Cañuelaseko Euskal Etxearen historian eragile handiak izan dira.

 1941etik 50era bizi izan ziren Cañuelasen. "Hantxe ezagutu zuen aitak gure ama ere, Juan Ramon Urdanpilletaren alaba, eta 1944an ezkondu ziren". Ez Jose Domingok eta ezta haren semeak ere ez zuten bizimodu errazik izan, tambero aritu ziren beste euskal herritar askoren antzera. 50 bat abelburuko azienda erosita, elkarrekin lanean ere aritu ziren Jose Domingo eta Luis semea, Urdanpilletatarrek errentan hartutako lurretan, baina hura hil zenean, seme-alabek oinordetza eskatu eta saldu behar izan zuten azienda Zulaikatarrek, eta berriro hasi; berriro zerotik, berriro tambero. Orduan ere amets amerikarra ez zegoen, nonbait, denen eskura. "1955era arte ez zuen egonkortasunik lortu gure aitak. 1950ean hil zen gure aitona Antonio Urdanpilleta eta 1953an alargundu zen gure aitona Jose Domingo Zulaika. 1982an hil zen arte, alaba gazteenarekin bizi izan zen aitona Jose Domingo, baina urritik apirilera arteko tartea gurean egiten zuen. Ez zen gauza asko kontatzekoa. Isildu egiten zuen sufrimendua, baina kontatzeko zuena gure amari kontatzen zion batez ere, eta hark guri".

 Erbestean dagoenaren herrimina

Pello Arrietak aita zuenari entzundako kontakizun batzuk ere badira Jose Domingok alabari eta bilobei kontatutakoen artean, Zirilo Irusta Aldasoro Matxatxa elgoibartarrari gertatutako pasadizoak tartean. "Kontatzen zuen zezenketak antzezten zituztela arkumeak hartuta, eta xaxatu zutela behin Zirilo toreatzaile onena zela esanda eta bidali zutela arkume-saldoa toreatzera. Joan ei zen ausart hura eta jaurti ei zuen 40 metro atzera arkume batek, besteen zoramenerako. Beste behin, Txiki Egunez, konorterik gabe laga ei zuen larre-behi batek eta bizkarrean hartu ei zuten lagunek etxera eramateko. San Frantzisko kalean zihoazela, leihotik ikusi zituen emazteak eta senarrari mozkor traza hartuta, ospitalera eramateko agindu ei zien lagunei, berak ez zuela etxean mozkorrik behar esanda. 2009an hona egin nuen bidaian hasi nintzaion Pellori kontatzen istorioa, eta berak bukatu zuen. Itzela izan zen". Eta jarraitu du Pellok. "Ospitaleko hura ere... Mojek laga omen zuten egoiliar bat Zirilo zaintzen, hilda zegoela esanda. Eta halako batean hasi da bestea esnatzen eta ondotik zaintzaileak: 'Hi, hago geldi, hilda hago eta!'". Erreserbista izana zen Zirilo eta Kubara bidali zuten, gerrara. Gorriak eta bi pasatu zituen han eta bueltatu zen ahul. Hainbesterainokoa zuen miseria, haren familia izan zela Elgoibarren Aldundiaren eta Udalaren laguntza jaso zuen lehenengoa, bere soldatari esker bizi zirelako haren etxekoak eta oso egoera makurrean gelditu zirelako, hura handik gaixo bueltatu zenean.

Erreportajea osorik BARREN aldizkarian

Zulaika-Arrietatarrak Elgoibarren bizi izan ziren etxea: Malaga etxea.