Euskaraldiaren laugarren edizioa izango dena udaberrian egingo da lehenbizikoz (maiatzaren 15etik 25era) eta atzo, irailaren 26an, Euskaraldia ON! topaketa egin zen Eibarren "herritarren aktibazioan lehen pausoak emateko".
"Konbentzituta nago handia dela herriz herri elkarrekin egitera goazena", adierazi du Irati Iciarrek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Euskaraldia "jendea aktibatzeko eta sartzeko tresna ezin hobea" izango dela gaineratzearekin batera: "Ahalik eta komunitate zabalena jarri nahi dugu dantzan euskararen alde".
200 lagunetik gora bildu ziren Coliseo antzokian: Euskaraldia posible egiten duten boluntarioak, euskara elkarteetako kideak, herritarrak, teknikariak... Bertan, Euskara aktibatzaileen gida-liburua aurkeztu zuten, "Euskaraldia antolatu eta herriz herri herritarrak saretzeko" gida praktikoa. Horrez gain, herrien izen-ematea jada zabalik dela iragarri zuten. Izan ere, antolatzaileen arabera, "herrietako mugimendurik gabe Euskaraldia ez da posible izango".
Gidaren aurkezpena
Garazi Azkuek eta Goiatz Urkijok, Euskaraldiko komunikazio arduradunak eta koordinatzaileak hurrenez hurren, aurtengo edizioak "gozatzeko, hunkitzeko eta ongi pasatzeko aukerak" izango dituela nabarmendu zuten atzoko ekitaldian, eta Kike Amonarrizek eta Manex Agirrek, Gorbeialdeko euskara teknikariak, herritarrak aktibatzeko gakoak izan zituzten hizpide ondoren, Euskara aktibatzaileen gida-liburua aurkezterakoan. "Euskaraldiak ondutako gida praktikoa da, eta horrek emango ditu Euskaraldiaren mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko, ekintzak antolatzeko eta indarberritzeko hainbat gako".
Izen-ematea irekita
Ehunka herritan sortutako batzordeek "ahalbideratu" dute hasieratik Euskaraldia, antolatzaileen hitzetan, eta aurten ere horrela izatea espero dute; hala, elkartu eta antolatzen hasteko deia egin dute, gaurtik aurrera herriek izena emateko aukera dutela nabarmenduta. Norbanakoek, ordea, 2025eko martxora arte itxaron beharko dute horretarako.
- Herrien izen-emate formularioa hemen ikusgai