Gaur, Mugi Panderoaz hitz egiteko batu ditugu. Hamar bat urte badira eibartar talde batek Mugi Pandero erromeria taldea sortu zuela eta plazaz plaza dabiltza geroztik. Eta aurten, Mendaron arituko dira santanetan, Kuadrillen Egunean, uztailaren 27an. Hirugarrengoz joko dute Mugi Panderokoek Mendaron, duela bi urte Garagardo Azokaren baitan ekarri zituztelako, eta iaz itzuli zirelako santanetan, Bulego taldearen hasierako gonbidatu gisa, nahiz Bulegori berari ere gain hartu zioten. Aurtengoa, baina, berezia izango da, Riañoren debutekoa izango delako, besteak beste. "Sekulako ilusioa egiten dit herrian jotzeak. Ia nola iristen naizen!", dio.
Eibarko sanjoanetan igo ziren estreinakoz Mugi panderokoak oholtzara duela hamar urte, txosnaguneko egitaraua osatze aldera, Miren Gisasola abeslari panderojole eta taldeko arima denak Eibarko eta kitto! aldizkariari emandako elkarrizketa batean aitortua duenez. Alaitz Almortzaren ama Marisol Arrillaga soinu irakaslearen ikasleak ziren pauso hura eman zuten lau lagunak: bi soinujole eta bi panderojole. Bete egin zuten oholtza estreinako aldi hartan, gozatu zuten musikariek publikoak berak bezainbeste, eta animatu zituen horrek jarraitzera. Taldea hazten joan da geroztik, zazpi laguneko erromeria taldea izateraino. Alaitz Almortza 2017ko ikasturtean gehitu zen taldera eta Eibarko Gaztetxean eman zuten kontzertua izan zen bere estreinakoa. Almortzaren atzetik batu ziren bateria jolea, baxu jolea eta gitarra jolea, eta taldean sartzen azkena Andoni Riaño bera izan da, Danel Montero tronpeta joleak lagatako lekua betetzera. Gallartako Kotarro auzoan egin zuen debuta. "Alaitzek berak proposatu zidan niri taldera batzea, eta ez dut ukatuko poza eman zidala, baina kontu askorekin nenbilen, agenda topera neukan, eta zalantza ere egin nuen, ez nekielako behar bezala erantzuteko moduan izango nintzen, denari bai esanda. Baina animatu nintzen, erromeria taldea delako eta niri mundu hau izugarri gustatzen zaidalako", aitortu du Riañok. Ez dauka esan beharrik, Mendaron ez baitago hura gabeko jairik. "Parranda giroarekin eta euskal musikarekin lotzen dut nik erromeria, eta plaza bete lagunekin. Mendaron beti funtzionatu izan du horrek", zehaztu du.
Talde ezagunen bertsioak jotzen dituzte Mugi Panderokoek, gaurkoak eta atzokoak, arrastoa laga dutenak. Kantu propioak ere badituzte, Alaitzen amak sortutakoak, familiaren baserri-etxearen izen bereko
Zulueta kalejira eta Maleta, baina publikoak kantu ezagunak nahiago dituela jabetu dira plazaz plaza egindako ibilietan. "Jotzen duzu Gozategiren Porru patata eta hor ikusten dituzu 10 urtetik 60 urtera bitartekoak kantuan", dio Almortzak. Ikasi dute publikoa irakurtzen, nork zer nahi duen begiratu batean asmatzen, eta konplizitate hura bera lortu dute oholtzakideen artean ere. Hala ere, ibiliak ibili eginda ere, Mendaroko kontzertuan nerbioak baretzen nahikoa lan izango duela aitortu du Riañok: "Ia lortzen dudan tenplatuta iristea kontzerturako, baina gehiegi tenplatu gabe", bota du irribarrez. Ez du lan erraza izango, berezia izan ohi delako Kuadrillen Eguna Mendaron, eta aurten, zazpi eguneko jai-ilaran seigarrena izango delako, jaietako egun handiaren biharamuna gainera. Patxada handiagoarekin hartuko du lagunak. "Mendarokoa plaza berezia da. Publikoa oso sartuta egoten da erromeria giroan, eta plaza bete lagun dantzan ikusteak eraman egiten gaitu. Nik neuk oso oroitzapen ona daukat iaztik". Publikoa eta kontzertua emateko baldintzak -soinu-kontuak berezikidira kontzertu bat ahaztezina egiteko bi osagai nagusiak, eta horretan Eibarko Arrate jaiak eta Debako sanrokeak ere oso bereziak direla aitortu du Almortzak. "Norbera ondo entzutea printzipala da oholtzan. Hori ez bada ziurtatzen, zaila da musikariak gozatzea, eta musikariak gozatzen ez badu, behekoek ere igarri egiten dute", zehaztu du Riañok.
Behetik goia ikusten den modu berean edo hobeto ikusten da goitik behea. "Ni asko ibilitakoa naiz behean, erromerian, eta orain konturatu naiz goitik dena ikusten dela, eta buff!". Jokoa ere bihurtu da hori Mugi Panderokoentzat, plaza bakoitzean nabarmentzen den bat aukeratzea, Txus bat. "Plaza guztietan izaten da Txus bat, eta elkarri begiratze hutsarekin aukeratzen dugu normalean bat denon artean. Gure Txus".
Jolas giro hori nabarmena da oholtzan Mugi Panderokoen artean, eta horixe kutsatzeko asmoz datoz Mendarora. Beroketa luzea eginda iritsiko dira, gainera. Joan zen barikuan Eibarko Amaña auzoko jaietan jo zuten; hilaren 22an Mutrikun izango dira, Madalen jaietan; 24an Urkaregiz bestaldera arituko dira, Etxeberrin, eta Santa Ana egunez Areetan emango dute kontzertua, Riañorik gabe azken hori, "mendaroar batek ezin duelako Santa Ana egunean hutsik egin". Barre egin du Almortzak, jai-eguna baimena eman aurretik hartua duela iradokiz lagunak. Txarangarekin eta bestela, dozenaka parranda egin dituzte elkarrekin eta jarri ditugu elkarri begira, lagunarengandik zer nabarmenduko luketen galdetuta. Mugi Panderoa taldean Almortza "makulu" izan duela aitortu du Riañok; haren eskutik sartu zela taldera eta haren ondoan izugarri ikasi duela, eta "artista hutsa" dela dio Almortzak Riaño: "Banekien hamaika konpromiso zituela, baina gaueko lana da gurea, eta lapurtu genizkion lotarako zituen orduak ere".