Topaketan, besteak beste, izaera industrial nabarmeneko eskualdea turismorako ere erakargarria izan daitekeela nabarmendu zuen diputatuak.
Dominguezek Gipuzkoako alkateekin eta turismo-eragileekin egiten ari den bilera errondaren barruan egin zuen bisita Debabarrenera. Debabarreneko beharrak bertako ordezkariekin batera aztertu nahi izan zituen eta turismo jardueraren jasangarritasunaz, kulturaz eta tokiko tradizioaz aritu ziren, besteak beste.
Topaketa horien helburua lurraldeak bere osotasunean planteatzen dituen turismo-sektorearen inguruko aukeren eta beharren ezagutzan sakontzea da. “Eskualde bakoitzeko txoko erakargarriak, haien indarguneak eta beharrak bertatik bertara ezagutzea eta alkateekin eta turismo-ordezkariekin zuzeneko harreman etengabea izatea funtsezkoa da lurralde osoko egungo beharrak ulertu ahal izateko, baina baita turismo-estrategia egoki bat bultzatzeko ere. Estrategia horrek jarduera desestazionalizatzea eta deslokalizatzea eskatzen du, geroz eta gipuzkoar gehiagok onura atera diezaioten turismo-industriak gure lurraldean sortzen duen aberastasunari", nabarmendu zuen diputatuak.
Diputatuarekin batera, topaketan Soraluzeko, Eibarko, Mendaroko eta Debako alkateak, Unai Larreategi, Jon Iraola, Enetz Ezenarro eta Alazne Txurruka, hurrenez hurren, izan ziren. Era berean, Aitziber Cortazar eta Juan Angel Balbas Debegesako ordezkariak eta Patrizia Marzana Armagintzaren Museoko teknikaria ere bertaratu ziren ekitaldira.
Eibarko Armagintzaren Museoan hasi zuten bisita eta Ipuruan ere egon ziren gero. Ondoren, Mendarora joan ziren, txokolategia bertatik bertara ezagutzeko, eta topaketa Elgoibarren bukatu zuten, Makina-Erremintaren Museoan.
Azahara Dominguez: "Debabarrenak argi erakusten du izaera industrial nabarmeneko eskualde bat turismorako ere erakargarria izan daitekeela"
Azahara Dominguezen berbetan, Debabarrenak argi erakusten du izaera industrial nabarmeneko eskualde bat turismorako ere erakargarria izan daitekeela. "Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuarentzat oso eskualde interesgarria da. Izan ere, Gipuzkoa, natura, gastronomia eta kultura ez ezik, industria ere bada. Horrez gain, duen kokapen estrategikoak, Bizkaiarekin mugan, kongresu- edo MICE- turismoa hedatzeko aukera eskaintzen digu, lurraldean gorantz doan sektorea baita, eta, balio erantsia ematen duenez, interesgarria da oso. Bestalde, hiriburutik kanpo egoteak sustatzen ari garen desestazionalizazio eta deslokalizazio estrategian sakontzen du”, azpimarratu zuen Dominguezek.
Bestalde, Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarria saileko arduradun Aitziber Cortazarrek nabarmendu zuen Debabarrena kostaldea eta barrualdea biltzen dituen helmuga bat dela, eta Euskal Kostaldeko UNESCO geoparkea da bere produktu nagusia. "Hotel-azpiegitura bat du, non plaza nagusiak Eibar, Ermua eta Elgoibar inguruan dauden. Landa-turismo eta kanpin ugari ditu kostaldean. Naturako produktuen artean hondartzak eta bidezidorren sarea nabarmentzen dira, baina ezin dugu ahaztu Debabarrena eskualde erreferentea dela euskal industriaren garapenean, eta horren adibide dira gaur egun bisitatzen diren museoak".