Ingurumenaren Nazioarteko Eguna harira, Debabarrenako Mankomunitateak, mertakataritza eta ostalaritza establezimenduetan hondakin gehiago atez ate biltzeko erabakia hartu du, Mankomunitateko arduradunen esanetan gaikako bilketa datuak hobetzeko helburuari eta konpromisoari eutsi nahi diote erabaki horrekin. Egun, soilik, kartoia eta papera jasotzen da atez ate, baina urteko azken lauhilekotik aurrera, ontzi arinak eta organikoa ere atez ate biltzeko proba pilotua abiatuko dute Eibar eta Elgoibarko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan.
Aurreratu dutenez, lehen fasean, 40 merkataritza saltokik parte hartuko dute eta ondoren, zerbitzua ostalaritzara zabalduko da, zehazki beste 80 establezimendutara. Beraz, udazkenetik aurrera, Eibarko eta Elgoibarko 120 ostalaritza eta merkataritza saltokik parte hartuko dute probaldi honetan.
Atez ateko bilketa zerbitzuaren helburu nagusia da merkatari zein ostalariei hondakinak gaika bereizteko lana erraztea, hondakinen birziklatze datuak hobetzeko helburuarekin.
Proba pilotua hasi eta sei hilabetera, emaitzak aztertuko dituzte, eta Mankomunitateak ezarritako helburuak betetzen direla eta birziklatze-tasa handitzen dela egiaztatzen badute, proba pilotua beste sei hilabetez luzatzea aztertuko dute, eta ekimenarekin jarraitzea erabakiz gero, Debabarrena eskualde osoko merkataritzan eta ostalaritzan ezarriko lukete zerbitzua. "Horri esker, eskualdeko birziklatze-tasak gainditu eta finkatu ahal izango dira", adierazi dute.
Hobariak ondo eginez gero
2025etik aurrera, "bidezkoak" izan beharko dute udalerri guztietako etxeko hondakinen tasek, sorreraren araberako ordainketan oinarritua, eta horrek aukera ematen du erabiltzaileak bereizteko, berreskuratze- eta birziklatze-helburuak lortzeko egiten duten lankidetzaren arabera. Halaber, etxeko hondakinen tasa murrizteko aukera ematen du, erabiltzaileek birziklatze tasa areagotzeko hondakinen bilketa bereizietan parte hartzen duten kasuetan.
Gauzak horrela, proba pilotuan parte hartzen duten establezimenduek, hondakinen gaikako banaketa ondo egiten badute 2025 urtean hobaria jasotzea baloratzen ari da Mankomuniatea. "Izan ere, gaikako bilketa ez da soilik onuragarria eta garrantzitsua ingurumen ikuspegitik, baita ikuspegi ekonomikotik ere, gero eta gehiago birziklatu, are eta gehiago murriztu daitezke-eta sistemaren kostuak eta horrek erabiltzaileek aurreztu ahal izatea ahalbidetzen du".
Azkenik, Debabarrenako Mankomunitatetik gogorarazi dute, edukiontzi horia ontzi arinei bideratuta dagoela eta gainerako plastikoak, ontzi arinak ez direnak alegia, errefuxara bota behar direla.