Antxitxikari mendaroarrak eta elgoibartarrak enpresen arteko lasterketako podiumean

Barren 2024ko mai. 20a, 12:00

Mari Carmen Seijas (eskuinean) DAD Kutxabank taldeko lankideekin, Enpresen Lasterketako podiumaren gorenean.

Inoiz baino talde gehiagok hartu dute parte atzo Donostian jokatu zuten Enpresen Lasterketaren 15. edizioan, 857 laukotek orotara. 

Elgoibarko eta Mendaroko enpresa ugarik hartu zuen parte eta baita Euskal Herriko beste hainbat enpresetan lan egiten duten mendaroarrek eta elgoibartarrek ere. Horietako batzuk gainera, erabakigarriak izan ziren euren enpresek lortu zituzten emaitza onetan
Mari Carmen Seijas mendaroarrak, esaterako, garaipena eskuratu zuen DAD Kutxabank taldearekin, emakumezkoetan. Kutxabankeko laukoteak 0:37:41ko denboran osatu zuen 8,3 kilometroko ibilbidea. Alderdi Ederren hasi eta bukatu zuten lasterketa, ibilbidean Donostiako hiru hondartzen paretik igaro eta gero. Orona taldea sailkatu zen bigarren postuan (0:38:03) eta Eroski hirugarrengoan (0:39:20). Podiumaren hirugarren kaxoira igo zen Eroskiko laukotean bi elgoibartarrek egin zuten korrika, Pilar eta Agurtzane Arriola ahizpek, hain justu ere. 
Gizonezkoetan Orkli enpresak aurkeztutako taldea izan zen azkarrena (0:27:43), Smarktec sailkatu zen bigarren (0:27:51) eta Bidelan hirugarren (0:28:10). Bidelaneko laukotean egin zuen korrika Igor Torres elgoibartarrak. 
Talde mistoen artean, Tecnaliako laukotea izan zen azkarrena (0:31:46), CBL-Salvat taldearentzat izan zen bigarren postua eta CAF enpresako ordezkarientzat hirugarren postua.


Parte-hartze errekorra

Hamabostgarren urteurrena ospatu du aurten Enpresen lasterketak, eta parte hartze marka hautsiz egin du: 857 laukotek eman dute izena aurtengoan, 2019an izena eman zuten 710 taldeen marka onduz. Kategorien arabera, mistoa izan da arrakastarik handiena izan duena, 461 talderekin. Gizonezkoetan 324 talde aritu dira, eta emakumezkoetan, 72. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, izena eman duten 3.428 lagunetatik 1.460 emakumeak izan dira, hau da, parte-hartzaile guztien % 40 inguru.

Agurtzane eta Pilar Arriola ahizpak (Eroski) eta Igor Torres (Bidelan), euren enpresak ordezkatuz podiumera igo ziren saltakari elgoibartarrak. Arg: Igor Torres.

Igor Torres, Bidelan enpresako lankideekin helmuga marra gurutzatzen. 

Gizondzkoen kategoriako podiuma.