Hasi dute Grezian dauden errefuxiatuen aldeko elikagai bilketa

Barren 2024ko mar. 19a, 14:07

Atzotik abian da Zaporeak erronkaren seigarren edizioa, eta dagoeneko ari dira Greziara iristen diren errefuxiatuentzako elikagaiak batzen. Garbantzu pedrosillanoak jasotzen ari dira Elgoibarren eta makarroiak Mendaron.

Atzo, astelehena, hasi zen Greziako errefuxiatuen aldeko elikagai bilketa, Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak bultzatuta. Debabarren osoan egingo dute eta herri bakoitzean, elikagai jakin bat batuko dute. 

  • Arroz biribila Ermuan eta Deban
  • Makarroia Mallabian eta Mendaron
  • Dilista pardina Eibarren
  • Txitxirio pedrosillanoa Elgoibarren
  • Arroz luzea Soraluzen
  • Kontserbako arraina Mutrikun

Elgoibarren, astelehenetik ostiralera jasoko dituzte garbantzuak Merkatu Plazan, 10:00etatik 13.00etara arte eta 17:00etatik 20:00etara arte (astearte eta ostegun arratsaldez itxita egongo da). 
Mendaron, Lagun Betikoak tabernan, Rotetan, Sonianean eta Coviran janari dendan jasoko dituzte makarroiak.

Jasotako guztia Lesboseko kanpalekuetan dauden errefuxiatuei jaten emateko erabiliko dute. Izan ere, egoerak okerrera egin du han, hein handi batean Gazako gatazkagatik, Palestinako errefuxiatuak ere hara iristen hasi direlako. Gaur egun 3000 otordu prestatzen ari dira Zaporeak elkartekoak Lesbosen kudeatzen dituzten sukaldeetan. "Aurtengo edizioaren helburua da aurreko edizioetan jasotakoa gainditzea, 25.000 kiligramora iristea eta hilabete batez sukaldean aritzeko behar den guztia bildu ahal izatea", azaldu dute Zaporeak Elkartekoek. "Hori dela eta, dei egiten diegu udalei, enpresei, ikastetxeei eta beste kolektibo batzuei ekimen solidarioan parte har dezaten, beren establezimenduetan bildutakoak antolatzeko moduan, bazkide eginez eta dohaintzak eginez". Ekarpen ekonomikoak egiteko kontua ere zabaldu dute Zaporeak elkartekoek: ES53 2100 2724 8101 0066 3988. 

Zozketak eta sariak

Sariak ere banatuko dituzte elkartasuna erakusten duten herritarren artean: bi lagunentzako afariak Tantaka tabernan eta Salento Pizzerian, hain zuzen ere. Eramandako kilo bakoitzagatik errifa bat emango dute, eta janari bilketa amaitzen den egunean egingo dute zozketa. Era berean, Zaporeaken aldeko zozketako errifak ere salduko dituzte Elgoibarko hainbat denda eta tabernatan: Ongi Iturgintza, Darama denda-tailerra, Salento pizzeria, Marrubi fruta dendan, Iriondo Kirolaken, Pitxintxu liburu dendan, Kala loradendan, Txilarre eko-dendan, Garate jantzi dendan, Ametsan, Asador eta Tantaka tabernetan. Euro batean salduko dituzte errifak eta martxoaren 23an egingo dute zozketa, Eibarko Errebal plazan egingo dute Tupper solidarioa ekintzaren barruan. 


Tuper solidarioa

Proiektuaren bigarren fasea martxoaren 23an egingo dute, Eibarko Errebal plazan. Egun horretarako tuper solidarioa ekintza antolatu dute, 14:00etatik eta 15:00ak bitarterako, eta parte hartzen duten guztien artean artelanak eta bazkariak zozketatuko dira. Informazio gehiagorako: zaporeak.eus.