Bilera horretan proiektuaren ordezkariak egon dira, hala nola Debegesako langileak, Gizarteratze Sarekoak, eta Soraluzeko eta Elgoibarko Udaletako teknikari eta politikariak.
Ondoengo gaiak aztertu diotuztela jakitera eman dute: estreinako edizioaren amaiera (martxoan), bigarren ediziorako kontratazio-fasea, eta Soraluzen langabezian dauden pertsonak prestatzeko asmoarekin, Sigma eta Olaldea auzoetako espazio berriak homologatzeko lanen aurrerapena.
Bileran parte hartun dutenak pozik agertu dira programak izan duen bilakaerarekin eta emaitzekin. Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagaren arabera proiektu honek prestakuntza eta lan-mundua integrazio-metodo gisa hurbiltzeko erronkari erantzuten dio eta Udalak integrazio prozesu horiek bultzatzeko konpromisoa du, herritar guztiek aurrera egitea ahalbidetuko duen ingurune bat sortuz. "Gure helburua da Elgoibar eta Debabarrena solidario, inklusibo eta batu bat lortzea, herritar guztientzako aukera-berdintasuna bermatuko duena eta horretarako beharrezko pausoa da espazioak biziberritzea eta birgaitzea, Sigmako ikastetxe zaharra kasu, gizarteratze-prozesuak sustatzeko”.
Era berean, Unai Larreategi Soraluzeko alkatearen balorazioa ere oso positiboa izan da, eta lehenengo edizioaren bilakaera ona ikusirik, gisa honetako programak lantzen jarraituko dutela aurreratu du, “Debabarreneko biztanle guztiek euren bizi-proiektua egiteko aukerak izan ditzaten”. Halaber, Debabarrena Berritzen enplegu-progama izatez gain, egoera zaurgarrian dauden gazteak gizarteratzeko duen izaera ere nabarmendu nahi izan du: “Egungo lan-merkatuko zailtasunez jakitun, beharrezkoak dira horrelako proiektuak desabantailak dituzten gazteei ahalik baliabide gehien emateko”. Hori esanda, programan parte hartzen duten pertsonek bide beretik joko dute abian den bigarren ediziorako.