'Eutsi gureari!' da Errigoraren kanpaina berria

Barren 2024ko ots. 26a, 15:58

Errigorak abiatu du Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka udaberriko kanpaina, Eutsi gureari! goiburupean. Lakargo (Nafarroa) Lezaun upategian egin zuten atzo Errigoraren kanpaina hasierako ekitaldia.

Aurten errigora.eus webgunea izango da eskaerak egiteko bide nagusia, eta martxoaren 13ra arte jasoko dituzte eskaerak. Ardo loteen eskaintza da aurtengo berritasunetako bat. 

 Errigorak kanpaina sustatzeko argitaratu duten txostenean [PDF] ematen ditu auzolan erraldoiari buruzko xehetasunak.


 Eskaintza

Azken urteetako eskema errepikatuko du Errigorak aurtengoan ere: urte guztirako eskaerak egitea da planteatzen dutena eta, hortaz, oliba-olio birjina estra bidoi handietan eskainiko dute eta gainontzeko produktuak 12 unitateko sortetan; arroza izan ezik, 6ko lotetan banatuko baita.

Berrikuntzak

  • Ardo bereziak. Lote honetan Errigoran parte hartzen duten upategietako ardo bitxien aukeraketa bat aurki daiteke: sulfitorik gabeko ardoak, ardo onduak izan gabe frutaren freskotasuna eta egur-ukitua mantentzen duten ardo erdionduak, beratze karbonikoko ardoak… Azken batean, ekonomikoa izan arren, berezia den ardo sorta bat.
  • Ardo gorenak. Lote honetan ardoen lan-ildo klasikoan murgildu da Errigora. Eta bertan, ardo onduak aurki daiteke, dedikazio handiagoa behar duten elaborazio luzeko ardoak.
  • Babarrun gorriak. Aurtengo eskaintzan ere babarrun gorriak aurki daitezke, ekologikoak eta konbentzionalak.

Kanpainaren funtzionamendua

  • Eskaera epea. martxoaren 13a baino lehen egin behar dira.
  • Eskaera egiteko bidea. Aurten webgunea izango da eskaerak jasotzeko bide nagusia: Errigora.eus. Hala ere, telefono bidez ere egin ahal izango dira eskaerak. Hegoaldetik deitzeko +34 848 87 12 23; Ipar Euskal Herritik, ordea, +33 532 09 35 45.
  • Eskaerak jasotzeko. Apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran jasoko dituzte eskatzaileek produktuak bakoitzaren herrian, eskaera egitean aukeratutako gunean, zehaztutako egutegi eta ordutegian.
  • Ordaintzeko. Online eginez gero, bi zatitan ordaintzeko aukera izango da. Bestela, dena batera ordain daiteke, eskudirutan, produktuak jasotzerakoan.

    Errigorako arduradunek azaldu dutenez, elikagaien merkatuaren egoera oso "gora-beheratsua" izan da azken aldian. "Errigoraren ibilbide luze-laburrak irakatsi digu bestelako bideei ekiteko gaitasuna dugula. 10 urte horietan zehar ekoizlearen jatorrizko prezioan, euskaraz etiketatuta eta auzolanean ehundaka herritan gauzatu eta haziz joan den bestelako ekoizle-kontsumitzaile hartu-emana da erakusle argia. Ametsak egi bihurtzea posible dela erakutsi dugulako, eutsi diezaiogun gureari!"