Iñigo Urkulluk apirilaren 21erako deitu ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Barren 2024ko ots. 22a, 20:51

Aurreikuspenak beteta, Eusko Legebiltzarrerako bozak apirilaren 21ean izango dira. Hala iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak ezohiko gobernu bileraren ostean egin duen prentsa-agerraldian.

Hauteskundeak deitzeko dekretua datorren otsailaren 27an argitaratuko da EAEko Aldizkari Ofizialean. Hauteskunde kanpaina apirilaren 5ean hasiko da, ofizialki.

Urkulluk jakinarazi du hiru irizpide hartu dituela kontuan data zehazterakoan: onartu eta gizartearekin konprometitu zuten programa betetzea, hurrengo Eusko Jaurlaritzari eta lehendakariari ahalik eta legaturik onena uztea, eta, euskal gizartearen interes orokorra defendatzea.

2012an kargua hartu zuenetik egindakoak ekarri ditu gogora lehendakariak. Hamabi urte izan direla azpimarratu du eta luze jardun du lorpenen eta bizitakoen inguruan errepasoa eginez. Modu berean, barkamena ere eskatu du egindako akatsengatik. Ondorio moduan azpimarratu du ohore bat dela "Euskadi aurreratuagoa eta justuagoa uztea" bere ostean etorriko direnei. Halaber, eskerrak eman dizkie euskal gizarteari nahiz legebiltzarkideei.


Lehendakarigaiak

2023 amaieran hasi ziren plazaratzen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lehen hautagaien izenak. Dagoeneko alderdiek zehaztu dituzte beraien lehendakarigaiak. Imanol Pradales izango da EAJren lehendakarigaia, Pello Otxandiano EH Bildurena, Eneko Andueza PSE-EErena, Javier de Andres PPrena, Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-rena, eta, Alba Garcia Sumar alderdiarena.